Leitzan uztailaren 30ean abiatu eta Urduñan abuztuaren 6an amaitu, 8 eguneko zeharkaldia da. Bigarren egunean Betelu eta Zaldibia lotuko dituzte. Zaldibia-Segura eta Segura-Oñati gero

Hamazazpigarren aldiz, Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxak Hego Euskal Herria zeharkatuko du, alderik alde. Uztailaren 30ean Leitzan (Nafarroa) hasi eta abuztuaren 6an Urduñan (Bizkaia) bukatu, zortzi etapatan 183 kilometro ibiliko dituzte partaideek, lau herrialdetan. Tartean, Goierrin hiru etapa izango dira: uztailaren 31n, abuztuaren 1ean eta 2an.
Euskal Selekzioa Martxan, herri borondatez ofizialtasuna lelopean egingo dute aurtengo mendi zeharkaldia. Ibiltarientzat da, oinez burutu beharrekoa. Egunero 08:00etan hasiko da txangoa, eta 20-30 kilometro bitarte egingo dituzte, 7-8 ordu. Asmoa 17:00ak alderako helmugako herrira iristea da.
ESAIT Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak sortu zuen mendi martxa, 2000. urtean. Taldea desegin zen, baina zeharkaldiaren antolatzaileek segitzea erabaki zuten.
Oporretarako plan bat ere eskaintzen du ibilaldiak, euskal kirol selekzioen aldarrikapena egiteaz gain. Lo pilotaleku, eskola edo kiroldegietan egingo dute. Lo-zakua eta azpikoa norberak eraman behar ditu. Etaparen bukaeran, dutxatzeko aukera egunero jarriko dute.
Jateko, berriz, antolakuntzak ipiniko du egunero gosaria, eta bideko fruta nahiz ogia. Gainontzekoa, norberaren kontu. Bukaeran, herri guztietan afaria prestatuko dute, aparte ordainduta.
Zaldibiatik autobusa
Mendi zeharkaldia bigarren egunean iritsiko da Goierrira, uztailaren 31n. Betelutik abiatuko dira oinezkoak, eta Zaldibian bukatuko dute, Aralarren barrena. Gailurrerantz mendi elkarteak autobusa jarriko du doan, goizean Betelura joateko, handik oinez etorri nahi dutenentzat.
Autobusa igandean 07:00etan abiatuko da, Zaldibiako plazatik. Gaur da izena emateko azken eguna, Joxepane ostatuan.
Hirugaren etapa Zaldibia-Segura da. Amundarian eta Suki baserrietatik barrena San Martinera iritsi, eta mendiz igaroko dira Idiazabaleraino eta Seguraraino. Laugarren etapan, Seguran irten, eta Aztiria aldetik Brinkolara joango dira, Oñatirantz.
Zeharkaldi osoa egiteko 300 euro (afariekin) edo 200 (afaririk gabe) ordaindu behar da. Erdia egiteko, 150 euro (afariekin) edo 100 euro (afaririk gabe). Eguneko etapa bakarrik ere egin liteke, dagokion prezioa pagatuta. Izena emateko webgunea (
mendimartxa.eus) edo telefonoa (658 740 772, Txumai) jarri dituzte.