Munduko 570 monoziklista onenak elkartuko dira Beasainen
Donostiako Unicon 18 txapelketaren barruan Downhill modalitatea jokatuko da abuztuaren 1ean. Erauskin auzotik Bideluzera artean osatu dute ibilbidea.
Gaur hasi eta abuztuaren 7ra bitartean, Unicon 18 munduko monoziklisten txapelketaren egoitza nagusia izango da Donostia. Mundu osoko 2.000 monoziklista inguru bertaratuko dira modalitate desberdinetan parte hartzera. Modalitateetako bat, mendiko jaitsiera eta Downhill deitzen zaiona, Beasainen jokatuko da abuztuaren 1ean, Erauskin auzoaren, Sagastiguti parkearen eta Bideluze plazaren artean. Beasaingo Orekan Bizi Naiz taldeko Aritz Zeberio eta Lidia Hernandez aritu dira munduko txapelketa antolatzen. Internetaren laguntzarekin, Beasaindik antolatu dute mundu mailako ekitaldia eta 2.000 monozilista inguru gerturatuko dira egunotan Donostiara. Anoeta estadioaren inguruan jokatuko dira txapelketarik gehienak. Beasaingo Downhillean, adin eta maila desberdinetako 570 kirolarik hartuko dute parte. Mundu osoko 41 herrialdetako espezialistarik onenak elkartuko dira Beasainen; tartean izango da 9 urteko Beñat Maiz beasaindarra. Lidia Hernandezen esanetan, «oso polita izango da. Iaz Beasainen antolatu genuen Donwhill txapelketa asko gustatu zitzaion jendeari eta aurten, munduko onenak izango dira. Sagastiguti inguruan oso ikuskizun polita ikusteko aukera izango da egun osoan». 10:00etatik 20:00etara Monoziklistak autobusetan ekarriko dituzte Donostiatik Beasainera, 08:30erako eta Erauskin auzora, berriz, mikrobusetan igoko dituzte. 10:00ak arteko epea izango dute beroketak egin eta ibilbidea ezagutzeko. 10:00etatik 20:00ak artean, minutuko tartearekin banan-banan abiatuko dira. Txapelketa hiru zatitan banatuko da. Advanced mailakoekin hasiko da, 10:00etan. 14:30a arte, minutuero, aterako dira. Garai bateko Erauskingo bidea berreskuratu dute horretarako. Kilometro bat eta 400 metroko ibilbidea osatu beharko dute. Etxarri Aranazko (Nafarroa) Ekhi Congik hartuko du parte bertan. Bigarren txandan, 14:45 eta 17:15 artean, Beginers edo hasi berrien txanda izango da. 6 urtetik aurrerakoek har dezakete parte, eta adinka mailakatuko dituzte. Kilometro eta 200 metroko ibilbidea da Erauskindik behera. Hirugarren zatian, elitearen txanda izango da: Advanced mailan denborarik onena egin duten 30 monoziklisten finala. Kasu horretan, Sagastigutik Bideluze plazara prestatutako lau ibilbide osatu beharko dituzte. Iaz bertan egin zen txapelketako lau ibilbideak hartu dituzte oinarri. Hori bai, «oztopoak egokitu eta hobetu ditugu aurten». Jaitsiera guztien denborak batuta, denborarik onena egiten duena izango da irabazlea. Gaur desfilea Donostian Beasaingoa, munduko monoziklo txapelketako zatitxo bat besterik ez da izango. Monozikloa gustuko dutenek ikuskizuna ziurtatuta dute egunotan Donostian, gaurtik hasita. Orekan Bizi Naizekoek goierritarrak gonbidatu nahi dituzte, gaur, 18:00etan, Alderdi Ederretik Anoetara bitartean egingo duten desfilean parte hartzera. Beñat Maiz han izango da, eta baita biharko trial proban ere. Anoetako belodromoan izango da. «Hemeretzi lagunek hartuko dugu parte eta hamarrek finala jokatuko dute ostiralean», dio beasaindarrak. Downhill txapelketako ordutegiak
- 10:00-14:30. Advanced mailako 300 monoziklista Erauskin auzotik Bideluzera jaitsiko dira, 1,4 kilometroko jaitsiera eginez. 230 metroko desnibela izango dute.
- 14:45-17:15. Beginner mailako (hasiberriak) 270 monoziklistek 1,2 kilometroko jaitsiera egingo dute. 230 metroko desnibela izango du ibilbideak. 6 urtetik gorakoek har dezakete parte eta adinka banatuko dituzte txirrindulariak. Beñat Maizek hartuko du parte.
- 17:30-20:00. Advanced mailan sailkatutako 30 onenek lau jaitsiera egingo dituzte Sagastigutik Bideluzera, 450-600 metrokoak. 20:00. Sari banaketa ekitaldia Bideluze plazan.