Abuztuan ere, festak nonahi
Asteburuan San Inazio jaiak ospatu, eta astebeteko etenaren ondoren, abuztuaren bukaera arte jaiak aukeran daude Goierrin. Andre Mari jaiak eta 'sanbartolomeak' dira aipagarrienak
Ordiziako Santa Ana jaiak bukatu berritan, opor usaina gero eta nabariagoa da Goierrin. Hala ere, uda garaia festa garaia izan ohi da, eta asteburutik bertatik hasita abuztuaren ia azkenera arte, festarako aukera zabala izango da eskualdeko hainbat herri eta auzotan. San Inazio jaiak datoz lehendabizi, San Lorentzo eta Andre Mari jaiak hurrena, segidan sanbortolomeak eta bukatzeko San Agustin jaiak. Artean uztaila bada ere, opor sasoi beteko festak izango dituzte Legazpiko San Inazio auzoan eta Idiazabalgo Katea auzoan. Mus, bola eta gastronomia lehiaketak, dastaketak, kontzertuak eta dantzaldiak izango dira aukeran, bihar bertan hasita. Urbiako zelaietan, berriz, aurten igandearekin datorren San Inazio eguneko erromeria izango da bestelako festa giroa bilatzen duenarentzat. Andre Mari jaiak Bi kolpetan banatuta badatoz ere, zazpi festa egun izango dituzte abuztu erdi-erdian Gabirian. Abuztuaren 10ean San Lorentzo eguna ospatuko dute Ugaran goikoa auzoan. Meza eta hamaiketakoa dituzte goizean, eta arratsaldean mus txapelketa, Korta jatetxea festaleku hartuta. Andre Mari jaien hasiera iragarriko duen suziria berriz abuztuaren 13an jaurtiko dute. Aurrez biribilketa egingo dute baserriz baserri txistulariekin, lehen aldiz egun horretan. Eta egitarau oparo horretatik ekitaldiren batzuk nabarmentzen hasita, honakoak: Andre Mari egunean jokatu ohi den txirrindulari igoera 60 bat partaide izaten dira eta Goruntz dantza taldekoek haien 45. urteurrenean Falcons de Vilafrancako castellersekin egingo duten ikuskizuna; San Roke eguneko gaueko kontzertuak ere indarra hartzen ari dira, eta San Roke Txiki egunean ere giro jatorra izaten da goiz-eguerdi partean. Zerainek, aldiz, abuztuaren 13tik 17ra ospatuko ditu Andre Mari jaiak. Jan-edanik ez da falta izango bost egunetan, eta haur nahiz helduentzako egitarau betea osatu dute. Bola txapelketak ere toki berezia du festetan. Itsasondon ere Andre Mari eguna eta bezpera ospatuko dituzte, eta Zumarragan herriko ezpata dantzariek girotuko dute abuztuaren 15eko ospakizuna. San Bartolome jaiak Itsasoren eta Zegamaren txanda izango da hurrena. Itsason abuztuaren 23tik 27ra ospatuko dituzte sanbartolomeak. Zegamaren kasuan, ohitura denez, herritarrei jakinaraziko diete lehendabizi festa egitaraua. Lehiaketa eta juntadizo herrikoiak, umeentzako ekitaldiak eta rock kontzertuak nabarmendu daitezke Itsasoko egitarautik. Brinkolako San Agustin festek itxiko dute abuztuko egitaraua Goierrin.