Aparkalekua finantzatzea da helburua. Irailean parte hartze prozesu bat hasiko dute herritarrekin eta dendariekin.
Latxartegi parkea. / Arg.: Josu Altzelai
Legazpiko udal gobernuak Latxartegin lur azpiko aparkaleku bat egin nahi du agintaldi honetan. Udalak bere gain hartzeko gastu handia dela iritzita, kofinantziaziorako bideak aztertzen ari dira.
Bide horretan,
bi enpresa pribatuk interesa agertu dute aparkalekuan supermerkatu bat jartzeko. Enpresa horiek aparkalekua finantzatuko lukete. Udalak oraindik ez du erabaki supermerkatua egingo den ala ez. Aukera ezberdinak aztertzeko asmoz,
irailean parte hartze prozesu bat jarriko dute martxan herritarrekin eta dendariekin.
Atzoko osoko bilkuran, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aldaketa bat egiteko espedientea irekitzea onartu zuten, Latxartegin supermerkatu bat egitea posible izan dadin. Hala ere, argi utzi zuten horrek ez duela esan nahi supermerkatuaren proiektua aurrera eramango denik. Parte hartze prozesuan jasotakoaren araberakoa izango da erabakia.
EH Bildu eta Irabazi, aurka
EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen plan orokorra aldatzeko espedientearen irekiera. EH Bilduk eta Irabazik aurka bozkatu zuten. Udalak
diru publikoa enpresa pribatuen onurarako erabili nahi duela salatu zuten, eta
komertzio txikia galtzen aterako litzatekeela.