Plaza bete jende Izagirre anaien omenaldian
Omenaldi xume baina hunkigarria egin diete Ormaiztegiko herritarrek Gorka eta Ion Izagirre anaiei. Udalak, Izagirre anaien peñak eta Goierriko Txirrindularitza bultzatuz elkarteak antolatutako ekitaldia izan da, eta plaza bete jende bildu da bi txirrindulariei babesa eta esker ona adierazteko.
Txirrindulari gazteek egin diete lehendabiziko harrera eta ondoren, lagunek agurra eskaini diete. Segidan, udaletxeko balkoira igo eta opari eta oroigarrien txanda izan da. Bertsolariek ere, Gorkaren erorikoarekin sufritu eta Ionen garaipenarekin nola gozatu duten gogorarazi diete.
Hunkituta eta esker oneko agertu dira bi anaiak. Ionek, nahiz eta Ormaiztegin ez bizi, bertako sentitzen direla esan du: “gu ormaiztegiarrak gara, harrikalariak”. Lehen pedalkadak “kale hauetan eta Mendizabalgo aldapan” eman zituztela gogoratu du. Gorkak berriz, “herritarren eta lagunen animoa eta babesa” beti jaso izan dituztela azaldu du eta eskerrak eman dizkie denei.
Ekitaldia, zale eta gaztetxoentzako argazkiak sinatuz bukatu dute.