Uda: sagar sasoia
Abuztu hasieran hasiko dira aurtengo lehendabiziko sagar aleak jasotzen Idiazabalgo Kalbario baserrian. Ordutik San Blas jaiak bitartean izango da bertako sagarrak erosteko aukera ...
Abuztu hasieran hasiko dira aurtengo lehendabiziko sagar aleak jasotzen Idiazabalgo Kalbario baserrian. Ordutik San Blas jaiak bitartean izango da bertako sagarrak erosteko aukera Ordizia, Beasain eta Lazkaoko azoketan.
Uda bete-betean izan ohi da lehendabiziko sagarrak jasotzeko sasoia. Uztaila erdialde inguruan, normalean. Aurten baina, sagarrak ohi baino beranduago datoz Idiazabalgo Kalbario baserrian. Bertako ugazaba Ramon Aseginolazak aurreratu duenez, abuztu hasieran jasoko dituzte aurten lehengo aleak, oraindik zuhaitzetan heltzen ari diren sagarrei begiratuta. «Puntu-puntuan egoteko hamabost bat egun gelditzen zaie».
Aseginolazak Idiazabalgo Turbas S.L. enpresan lan egin zuen urte luzez, baina lan istripu batek enpresa mundutik aldendu zuen. Orain 35 bat urte landatu zituen lehenengo sagarrondoak jaiotetxean, eta istripuaren ondoren, haien zaintzara dedikatuta eman ditu azken urteak. Une honetan ez daki esaten zenbat sagar mota eta sagarrondo dituen landatuta, baina «70 sagar motatik gora» ekoiztera iritsi dira Kalbarion emaztea eta bera. Orain, gutxika sagarrondoak kentzen ari dira ekoizpena jaisteko,eta «hemendik bi urte barru-edo» azoketara joateri utziko diotela aurreratu du.
Kalbario baserrian ekoizten dituzten sagarrak, udareak, aranak eta basaranak oso preziatuak dira. Ordizia, Beasain eta Lazkaoko azoketan saltzen dituzte. «Lehendabiziko aleak jasotzen ditugunetik San Blas ingurura arte». Aurten oraindik ez dute azoka denboraldia ireki, «zuhaitzak loratzeko garaian —apirila inguruan— fresko samar egin zuen eta ekoizpena atzeratu egin da aurten», azaldu du Aseginolazak.
Lan hau gustatzen zaiolako egiten duela esan du Aseginolazak, eta azoketara joateri uzten diotenean ere, fruta-arbolak mantenduko ditu Kalbarion. Izan ere, «produktua ateratzeak soilik, gogobetetze handia ematen du», esan du. Orain, sagarrak jasotzeko garaia da, baina lana lehenagotik hasten da. Neguan eta udan, esaterako, zuhaitzak inausteko garaia da, eta urtero ekoizpena izateko sagarrondo bakoitzari udan aleak kentzea komeni izaten da, «izan ere, urte batean asko eman dezake, baina aleak kendu ezean zuhaitza nekatu egin daiteke eta hurrengo urtean gutxiago emango du». Modu honetara, ekoizten diren aleak handiagoak eta kalitatez hobeak izango dira. Aleak guraizeekin edo kimikoak erabilita kentzen dira.
Gaixotasunak saihesteko
Apirila inguruan hasten dira loratzen, normalean, sagarrondoak, gero aleak emateko. Bitarte horretan botika bota behar zaie zuhaitzei, gaixotasunak saihesteko. Intsektizida ere behar izaten dute «arrak ugaltzea saihesteko». Ohikoenak, sagarrondo-zorria eta karpokasa izaten dira. «Sagarrondo-zorria altsuma —adarrak inausi eta gero zuhaitzak botatzen dituen kimu berriak— puntetara joaten da, kuzkurtu eta zuhaitza degeneratu egiten du». Karpokasa, aldiz, tximeleta zuri bat da. «Sagar aleetan arrautzak jartzen ditu eta sagar barruan arra sortzen da. Ondorioz, sagarra erori egin daiteke». Gutxienez bi tratamendu behar izaten dira ar mota horiek ekiditeko: «Bat maiatz erdialdean, eta bestea ekain erdialdean».
Ingurua ere garbi mantendu behar izaten da, tarteka belarrak moztu, sagarrondoak ondo haz daitezen. Lurrak ongarria izatea ere komeni da, propietate gehiago izan dezan. Uda garaian inausketa berri bat egitea ere beharrezkoa da. Zuhaitzei aldakaitzak ateratzen zaizkie, adar txiki berriak. «Adar horiek zuhaitzaren izerdia zurrupatzen dute sagarren ordez, horregatik komeni da kentzea».
Aspaldian egin ez duen arren, abuztuan egin izan ditu fruta-arbolen txertaketak Aseginolazak. Txertaketa mota ezberdinetako sagarrondoen nahasketari esaten zaio. «Metuen bitartez egiten dira, aldatu nahi duzun sagarrondo bati metu bat sartu eta beste mota bateko sagarrondoa lortzen da», azaldu du Aseginolazak.
Etxeko sagarra, bakarra
Kardinal eta San Joan sagarrak izango dira heltzen lehenak. Geroago haziko dira reina de reinetas, bella de bosco, errege-sagarrak, red star, deli star, jubile eta Kalbarioko etxeko sagarra. Azken hori du kuttunena Aseginolazak. «Sagar elegantea da, gorria eta jateko primerakoa». Kanpotik ekarritako sagar mota bat da, eta Kalbario baserrian bakarrik ekoizten da. «Euskal Herrian eta Espainian behintzat, ez da beste inon egiten, guk bakarrik daukagu», dio harro.
Kalbarion kalitatezko produktuak ateratzea da helburu nagusia. «Ale txikiak, itxuraz eskasak direnak, zuhaitzetatik eroritakoak… ez ditugu salmentara ateratzen, horiek oparitu egiten ditugu». Horregatik mimoz zaintzen dute prozesu guztia, «hazten den unetik, azokara iristen den arte». Sagardotarako sagarrik ez dago Kalbarion, «beste ekoizpen mota bat behar duelako». Fruta aleak zuhaitzetan daude orain, heltzean jaso eta goierritarren mahaira iritsi bitartean.
Sagar motak
Sagar mota bat baino gehiago ekoizten dituzte Kalbarion. Hau da, bertako ugazabak egin duen aukeraketa.
- Kardinal sagarra. Lehenengotarikoa. Gazia.
- San Joan sagarra. Besterik ez zegoen garaian ondo jaten zen. Gaur egun ez da horrenbeste estimatzen.
- ‘Reina de reinetas’. Zaporez dagoen sagar onenetakoa da.
- ‘Bella de bosco’. Konpota egiteko oso ona da, baita gordinik eta erreta jateko ere. Ez du ia gaixotasunik izaten.
- Errege-sagarra. Oso estimatua da, baina lehen orain baino gehiago. Erreta jateko ona da, gordinik jateko nahikoa ona, baita konpotetarako ere.
- ‘Red star’. Gorria. Jendeak oso gogoko du. Gordinik jateko oso ona da. Ez da egokiegia erreta jateko.
- ‘Deli star’. Red star motakoaren oso antzekoa. Kopia bat da.
- ‘Jubile’. Adituek jateko onena dela esaten dute. Sagar gorrixka da, oso ona batez ere gordinik jateko.
- Etxeko sagarra. Gorria, itxuraz dotorea, oso goxoa. Konpota egiteko aparta, eta erreta jateko ere oso ona.