Haritzezko habeen egitura mugituta zegoen.Elizako dorrearen zutabe nagusian lotzen ari dira habeak. Bergarako Goitu enpresa ari da lanean. Harrizko arkua ere sendotuko dute
Segurako elizako koru zaharra konpontzen ari dira egunotan, Bergarako Goitu enpresako langileak. Bi zati nagusi ditu koruak: batetik, behean, harrizko arkua, eta bestetik, gainean, haritzezko 38 habeek osatzen duten egitura. Harrizko arkuaren hainbat zati zartatzen ari zirenean sortu zen kezka Seguran. Izan ere, Laureano Telleriak adierazi duenez, «koru zaharrean 42 aulki daude eta beste 30 bat lagun ere sartzen dira bertan. Hiletetan bost bat tona pilatzen dira guztira».
Erortzeko arriskua ikusita, beharrezkoa ikusi zuen konponketa lanak egiten hastea Gotzaindegiak. Koruko zoruko oholak altxatu eta laster ikusi zuten Goitu enpresakoek koru zaharreko arkua zartatzearen arrazoia: koruaren egurrezko egitura nagusia mugituta zegoen, aurre aldera. Beraz, egurrezko habeak elizaren dorrearen zutabe nagusietara lotzen ari dira, koruari ondo eusteko. «Atzetik hasi gara, elizaren zutabe nagusiari habeak burdinekin lotzen. Bi aldeetan ari gara lan hori egiten», dio Goituko langileak.
Egurra egoera onean
Harrizko zutabera lotzearekin batera, elkarren artean zutabeak ere lotzen ari dira 400 milimetroko burdinezko barrekin. Izan ere, bi norabideetako zutabez dago osatua korua. Beldur bat bazuten, korua arkuaren gainean ote zegoen eraikita. Baina ezusteko pozgarria jaso zuten egurrezko oholak altxatzen hasi zirenean aurkitu zutenarekin: «Normalean egurrezko egiturak harriaren gainean, arkuaren gainean egoten dira eraikita. Baina ikusi dugu beste egur batzuk ere sartuta daudela tartean, gaineko zutabeei eusteko. Lehen ere ibilita daude sendotzen». Egurra oso egoera onean aurkitu dute. Haritzezko habe sendoak dira; hamasei norabide batean eta hamabi zeharka. «Egurra aztertu dugu eta oso egoera onean dago. Oso sendoak dira, baina dena mugituta dago. Egitura guztia lotzen ari gara, sendotzen». Behin zutabeak ondo finkatuta, arkua bera ere sendotu egingo dute goitik.
Elizen zaintzailea
Elizak zaintzeaz eta mantentzeaz arduratzen dira Goituko kideak Gipuzkoako elizetan. Zumarragan eta Lazkaon ere egin dituzte azken aldian konponketa lanak. Elizetako puntu desberdinetan jartzen dituzten lekukoen bidez jarraipena egiten diete ondareari. Seguraren kasuan, hurrengo lana, dorretik belarrak kentzea eta harriren bat bere tokian jartzea izango da.