«Mus txapelketetan motor munduan baino matxismo handiagoa jasan dut»
Marisol Sanzek (Ermua, 1964) motorrak izugarri gustuko ditu eta Zumarragako Lubiqan’s motorzale taldeko kidea da. Bera da emakume bakarra.
Nolatan gustatzen zaizkizu ...
Marisol Sanzek (Ermua, 1964) motorrak izugarri gustuko ditu eta Zumarragako Lubiqan’s motorzale taldeko kidea da. Bera da emakume bakarra.
Nolatan gustatzen zaizkizu horrenbeste motorrak?
Nire familian ehiza, arrantza eta motorrak izugarri gustatzen zaizkigu. Umetan lazoarekin ehizatzera joaten nintzen. Egun, ez dut ehizatzen, baimenik ez dudalako. Nire anaia Juan Jose, berriz, Euskadiko eta Espainiako arrantza txapelduna da, eta munduko txapelketan parte hartu du. Duela gutxi TVEren Aquí la tierra saioan atera zen.
Umetatik ibiltzen al zara motoan?
Bai. Umetan motoan ibiltzen nintzen, gidabaimenik gabe. Nire anaiek enduroko motor bat eta Vespa bat zituzten, eta nik endurokoa hartzen nuen. Handiegia zen eta loreontzi batera igotzen nintzen motorrera igotzeko. Jaisteko, laguntza behar nuen.
Moto askotan ibili al zara?
Bai. Quadean ere bai. Dagoeneko ez naiz quadean ibiltzen, bizkarreko ebakuntza bat egin zidatelako. Errepidean bakarrik ibiltzen naiz. CBR motako motoak ez zaizkit gustatzen, zoro hutsa bainaiz. Yamaha XV 750 Virago bat dut. Munduko moto onena da. Matxurarik ez du izaten eta mantenua oso merkea da.
Oporretara ere motoarekin joaten al zara?
Atoian eramaten dugu, oporretara familiarekin joaten baikara. Heltzen garenean, autoa garajean utzi eta toki guztietara motoan joaten gara. Torreviejara joateko ohitura dugu eta, motoari esker, toki asko ezagutu ditugu: Murtzia, Cartagena, Benidorm, Calp… Gainera, udan Torreviejan autoan ibiltzea ez da batere atsegina: trafiko asko dago.
Lubiqan’s motorzale taldeko emakume bakarra zara.
Hala da. Sortzaileetako bat naiz eta sekula ez dut matxismorik pairatu. Harreman bikaina dugu. Taldeko baten ezkondu aurreko agurra antolatu zuten eta nik ere joan beharra nuela esan zidaten. Mus txapelketetan motor munduan baino matxismo handiagoa jasan dut.