Urbian festa da igandez
San Inazio egunaren aitzakian, artzainen eta mendizaleen topaleku bihurtuko dira Urbiako zelaiak.
Mendiko erromeriak aspaldikoak dira Euskal Herrian. Meza eta ospakizun ...
San Inazio egunaren aitzakian, artzainen eta mendizaleen topaleku bihurtuko dira Urbiako zelaiak.
Mendiko erromeriak aspaldikoak dira Euskal Herrian. Meza eta ospakizun erlijiosoaren aitzakian, haur, gazte eta heldu elkartzen ziren mendi magaletan zeuden ermiten inguruan jatekoa eta musika falta ez zirela. Garai batean, horrelako festek sona handia zuten: San Antonio egunean –ekainaren 13an– Urkiolan; Santiago egunean –uztailak 25– Urbasan; San Inazio egunean –uztailak 31– Urbian; abuztuaren bigarren igandean Igaratzan Aralarko San Migel santuaren irudiaren bisita eta guzti… Gaur egun, erlijio kontuek lehen bezalako garrantzirik ez badute ere, erromeria horiek ospatu ospatzen dira oraindik.
Urbiako erromeriak tiradizo berezia du Goierri aldean. Ugari dira San Inazio egunean San Adriandik, Oazurtzatik, Kataberatik edo Arantzazutik Aizkorriren magalean dauden zelaietara oinez igotzen diren goierritarrak. Asko ere, urtean egun bakarrez irekitzen den Arabako pista hartu eta kotxez heltzen direnak –4×4 ibilgailua gomendatzen da Partzoneriatik–.
Tradizio handiko erromeria da Urbiakoa, eta urte batzuetan desagertzear egon bazen ere, gaur egun osasuntsu dago duela lau hamarkada goierritar talde batek festa indartu zuenetik. Dozena bat urtetan jardun zuen talde hark erromeria antolatzen, eta duela 30 urte lur horien kudeaketaz arduratzen den Gipuzkoa eta Arabako Partzoneriak –Idiazabal, Segura, Zerain eta Zegamak eta Arabako Asparrena eta Donemiliagak osatzen dute– hartu zuen bere gain festaren antolaketa, 1986an. Harrez gero, Fondaren laguntzarekin, giro bikaineko eguna izaten da San Inazio egunez Urbiako zelaietan.
Artzainen festa
Ez dago jakiterik Urbiako erromeria ospatzen noiz hasi zen, baina bertan uda pasatzen duten artzain edadetuenek aspaldiko kontua dela diote. Urbiako festak omen ziren, eta askorentzako baita opor txikiak ere, uztailaren erdialderako gazta egiteko kanpaina amaituta izaten zutelako eta erromeria baliatzen zutelako egun pare bat jai hartzeko. Berez, artzainen festa zen. Denak elkartzeko eguna zen, 25 artzainetik gora garai batean, eta haiekin batera, familiak ere bai. Mezaz gain, zakur apustuak egiten zituzten beraien artean, eta jatekoa ez zen falta izaten, ardia edo oilaskoa generalean.
Mendizale ugari ere igotzen zen Urbiara. eta jende asko elkartzen zen. Meza, esaterako, Fonda inguruko zuhaiztian eman behar izaten zuen Arantzazutik igotzen zen Aita Lasak, Eloi Tejada akolitoak lagunduta, elizan ez zelako sartzen han elkartzen zen jendetza.
Erromeria berpiztuz
Baina erromeria gainbehera hasi zen 1970eko hamarkadan, harik eta gazte kuadrilla batek antolakuntzaren ardura hartu zuen arte. Goierriko eta Oñati aldeko gazteak ziren.
Bizigarria jarri nahi zuten festan, eta beren buruak ipini zituzten herri kirolen desafiotan. Aizkoran edo harriak jasotzen ibiltzen ziren Legazpiko Jose Benito eta Nikolas Esnaola anaiak eta Elias Zabaleta, Zegamako Etxaide, Arantzazuko Beilotza baserriko Jabier, Oñatiko Sakone… Bertsolariak gehitu zituzten festara, eta urteetan joan ziren Iñaki eta Simon Azarola anaiak eta Bitti Agirre. Baita trikitilariak ere, Villabonako Astiazaran anaiak. Bazkaria ere antolatzen zuten.
Erromeriako gastuei aurre egiteko, berriz, saskia jartzen zuten zaldi baten gainean, Fondaren ondoan, eta jendea esku zabal portatzen omen zen.
Gazteak erakartzea ere lortu zuten, eta kanpin denda hartuta asko eta asko joaten ziren egunak eta gauak pasatzera. Ehun dendatik gora egondako urteak ere izan ziren.
Fonda eta Partzoneria
Dozena bat urtetan aritu ziren horrela Urbiako San Inazio eguneko erromeria antolatzen. 1986an, Partzoneria hasi zen festa prestatzen. Fonda izaten dute lagun festaren antolaketan. Artzainei eta mendizaleei zuzendutako betiko programarekin jarraitzen dute.
Hala, lehengo ohiturari eutsiz, mezarekin hasten da festa, eta Fonda inguruan izaten dira gero ekitaldiak. Aurten ere izango da Partzoneriak azken urteotan eskaintzen duen hamaiketakoa. Herri kirolak izango dira gero, iaz artzain txakurren lehiaketa egin eta gero, txandakatu egiten baitira bi ekitaldi horiek. Aizkolariak izango dira aurten lehian, Partzoneriako herrietakoak. Ondoren, Partzoneriako bazkaria, honako hau bere kideentzat, Foru Aldundiko ordezkarientzat, meza ematen duen fraidearentzat eta bertsolarientzat.
Fondan bertan ere izango da mugimendua. Altubetarrek eta Altzelaitarrek haren kargua duten 18. urtea da aurtengoa. Aritz Altubek dioenez, «Urbian jende gehien elkartzen den eguna da San Inaziokoa», eta asko eta askori jaten eta edaten ematen diete Fondan. Hori dela eta, hogei bat lagun aritzen dira egun horretan lanean.
Arbelar, Oltza edo Lazkaolatzan ere izaten da bazkaltzeko modua. Bestela, norberak eramandakoa.
Baina erromeria ez da erromeria dantzarik gabe. Fondari esker, azken urteotan dantzaldia izaten da. Miren, Agur eta Oier izango dira berriz oholtzaren pare jarritako traktorearen erremolkearen gainean, inguruan elkartutako jendea dantza egitera animatuz. Joselu Anaiak eta Eguzki taldeak ere jotakoak dira Urbian.
Dantzaldia amaitu eta arratsaldeak aurrera egiten duen heinean, jendeak etxerako bidea hartuko du.
Orain, eguraldiaren laguntza besterik ez da falta Urbian egun borobila igarotzeko.
Mendiaz eta festaz gozatu egun osoan, giro apartarekin
San Inazioko erromeria 11:30ean hasiko da, Andre Mariaren ermitan emango den mezarekin. Bertan, Bittor Agirre eta Eugenio Igartzabal bertsolariak izango dira, San Inaziori artzain eta mendizaleen aldeko eskaintza eta eskaria eginez. Fonda inguruan jarraituko du ospakizunak gero, txorizo pintxo eta ardo banaketarekin, Partzoneria osatzen duten herrietako aizkolarien arteko lehiarekin, Partzoneriako kide eta agintarien bazkariarekin eta bazkalondorengo dantzaldiarekin. Miren, Agur eta Oier arduratuko dira dantzaldiaz. Bertsoak eta trikitixa ez dira faltako, eta Fondan ez ezik, inguruko hainbat txabolatan jatekoa eta edatekoa izango da aukeran.