Dantza ez egiteagatik, kartzelara
1762an Zumarragako alkateak bi dantzari preso hartu zituen ezpata-dantzara ez azaltzeagatik.
Ezpata-dantza Zumarragako jaietako ekitaldi nagusia da eta herriko familia guztientzat ohorea ...
1762an Zumarragako alkateak bi dantzari preso hartu zituen ezpata-dantzara ez azaltzeagatik.
Ezpata-dantza Zumarragako jaietako ekitaldi nagusia da eta herriko familia guztientzat ohorea da seme edo alaba batek ezpata-dantzan parte hartzea. Baina egon da ohore horri uko egin dionik ere: 1762ko abuztuaren 15ean bi ezpata-dantzarik kartzelan bukatu zuten, ekitaldira agertu ez zirelako. Urte hartan ez zen ezpata-dantzarik egin.
Dantzan.eus webgunean Antonio Prada Zumarragako udal agirizainaren eskutik jasotako informazioaren arabera, Francisco eta Juan Izagirre izan ziren dantzatzera agertu ez ziren bi dantzariak. Hori ikusita, beste guztiek ez dantzatzea erabaki zuten.
Joseph Antonio de Yarza, orduko alkatea, asko haserretu zen bi dantzariak ez zirela agertu konturatu zenean. Aguazila Izagirretarrengana bidali zuen, dantzariak udaletxera eramateko aginduarekin. Izagirretarrek ez zuten alkatearen errieta entzuteko gogorik, ordea. Aguazilari ez zioten kasu zipitzik egin eta etxera abiatu ziren.
Aguazila alkatearengana itzuli zen eta gertatutakoa kontatu zion. Yarza are eta gehiago haserretu zen eta aguazilari bi dantzariak atxilotzeko agindu zion. Baina dantzariek ez zioten errespetu eta begirune handirik alkateari, nonbait. Izan ere, atxilotze aginduari trufa egin zioten eta aguazilari bazkalostean agertuko zirela esan zioten. Bazkalostean, udaletxean agertu zirenean, alkateak bertako gela batean preso hartu zituen.
Ondoren, auzitara bidali nahi izan zituen. Horretarako, ahalik eta informazio gehien biltzeko eskatu zion idazkariari. Honek hamabost orrialdeko txosten bat prestatu zuen.
Detailerik txikiena ere apuntatu zuen, zumarragarrentzat horren garrantzitsua zen auzi horretarako. «Zumarragar batzuek ezpata-dantzan parte hartu nahi ez izatea… Non ikusi da hori? Nora doa herri hau?», pentsatuko zuten.
Idazkariak, bere txostenean, urte hartako dantzari guztien izenak eta goizean gertatutakoari buruzko herritarren adierazpenak jaso zituen. Besteak beste, Ignacio de Egaña alkateordearen, Francisco de Alzola epailearen, Agustin de Zaldua errejidorearen eta Francisco de Etxeberria lekukoaren adierazpenak jaso zituen.
Ondasunen bahiketa
Manuel de Goikoetxea lizentziatuak bi dantzariak erruduntzat jo zituen, «alkatearen esana ez betetzeagatik eta esan behar ez direnak esateagatik». Hau horrela, bi dantzarien ondasunak bahitzeko agindua eman zion herriko aguazilari. Garesti atera zitzaien bi dantzariei ezpata-dantzari uko egin izana…
Dantza egiteko prest zeudenak, berriz, kartzelatik ateratzen zituzten! Hala, garai batean, soldadutza egiten ari ziren dantzariek festetan Zumarragara etortzeko baimena lortzen zuten udalaren bitartekaritzari esker. Festak herrian pasatzen zituzten, ezpata-dantzari esker.
Eta 1972an, berriz, poliziaren eskuetan zegoen gazte bat libre utzi zuten, ezpata-dantza dantzatu beharra zuelako.
Francok lortu ez zuena lortu zuten Izagirre anaiek: zumarragarrak ezpata-dantzarik gabe uztea. Elementu onak izango ziren!