Legazpin, Otañu mendiaren magalean, antzinako haizeola bateko labearen oinarria aurkitu dute. Sorpresa hartu dute arkeologoek, labea suitzar eredukoa delako
Legazpiko Burdinola Elkarteak, Arkeolan Fundazioarekin elkarlanean, indusketa arkeologikoa egin du Otañu mendiaren magalean. Zehazki, Basaundi 2 izeneko zepadian egin dute indusketa, Zabarain zabalgunetik 500 bat metrora, Ariztigoikoa baserriaren bordaren alboan. Garai batean eremu hartan haizeola bat izan zela bazekiten, eta bertako labea topatzea zen helburua. Gustura daude indusketan parte hartu duten kideak, helburua bete baitute: labe osoa ez, baina haren oinarria topatu dute.
Indusketa lana Mertxe Urteaga arkeologoak zuzendu du. Hirugarren egunerako dagoeneko hasi ziren labearen oinarriaren aztarnak aurkitzen. Eta sorpresa handia hartu dute, gainera. Izan ere, beste mota bateko labea topatzea espero zuten. «Topatu dugun labearen oinarria ez da Bizkaian eta Gipuzkoan orain arte aurkitu izan direnen modukoa; Suitzan aurkitu izan direnen modukoa da», azaldu du Jose Luis Ugartek, Burdinola Elkarteko kideak. Labe mota horien paretak lodiagoak dira, eta forma ere ezberdina da.
Aurkitu duten labearen oinarriari laginak hartu dizkiote, aztertzeko, eta zehazki zein garaitakoa den jakin ahal izateko. Erdi Arokoa izango dela uste dute, baina ez dakite ziur oraindik. Inguruan aurkitutako iltze batzuk ere jaso dituzte. Ondoren, oinarria sare batekin babestu, eta lurrez estali dute berriro ere eremua. Egunotan zepadira doazenek lurra baino ez dute ikusiko, labearen oinarria dagoeneko estalita baitago.
Bigarren bat egon liteke
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailaren diru laguntzari esker egin dute Legazpiko indusketa. Uztailaren 22tik 30era aritu ziren lanean, egunean bost pertsona inguru. Datorren urtean indusketarekin jarraitzeko asmoa du Burdinola Elkarteak, aurtengo eremuaren alboan. Izan ere, Ugartek azaldu duenez, horrelako labeak binaka agertu izan dira Suitzan. Horregatik, aurkitu duten labetik gertu beste bat egon daitekeenaren susmoa dute. Susmo hori argitzeko, datorren urteko udan ekingo diote lanari berriro ere, diru laguntza eskuratuz gero.