Larunbatean jokatuko da 16:00etan hasita. Ibilbide berria prestatu dute bizikletaren sektorerako. Urriaren 1ean Arriaranen eta azaroaren 26an Zegaman dira beste bi proba.
OLYMPUS DIGITAL CAMERA
Mendiko duatloien denboraldia hastear da. Aurten ere, Beasaingo Igartza Mendi Duatloiak emango dio hasiera Euskal Herriko zirkuituari. Larunbatean hasi eta azaroaren 26ra arte, hamabi proba jokatuko dira. Goierriren kasuan, hiru proba puntuagarri antolatuko dituzte: Beasainen bi (larunbatean Igartzan eta urriaren 1ean Arriaranen) eta Zegaman bat (azaroaren 26an).
Beasaingo Igartza-Loinatz auzoko festen barruan antolatzen da Igartzako mendi duatloia. Aurten, festen aurreko asteburuan izango da. Ohi bezala, bi lasterketa izango dira. Batetik, goizean, 11:00etan hasita, 3 eta 15 urte bitarteko haurren eta gaztetxoen duatloiak jokatuko dira, taldeak adinka banatuta; 10:30ean irekiko da izena ematea. Arratsaldean, berriz, 16:00etatik aurrera, helduena. Bi kasuetan, Florencio Axpe kalean izango dira irteera eta helmuga; bizikleten gunea edo
boxea bertan jarriko dute.
Ibilbidean berrikuntzak
Xiker Mujika
Helduen lasterketa hiru sektoretan banatzen da, Igartzako auzoko baserriak lotuz osatzen den ibilbidean. Lehenengo kilometroak, korrika egin beharko dituzte, 4,5 kilometroko ibilbidean. Ondoren, bizikletak hartu eta bigarren sektorean, 4,2 kilometroko zirkuituari hiru itzuli eman beharko dizkiote. Lasterketa amaitzeko, bizikletak utzi eta berriz ere korrikari ekin beharko diote: 3 kilometro korrika eginez amaituko dute proba.
Xiker Mujika antolatzaileak aurreratu duenez, aurten aldaketak egin dituzte txirrinduaren sektorean, ibilbidea zertxobait laburtuz eta erraztuz: «Aurreko urteetako ibilbidean, Beatxurreta baserritik Olatzarrera bitarteko aldapa gogorregia egiten zen, oso teknikoa da. Gehienek bizikleta eskuan zutela igotzen zuten. Teknika eta indarra behar dira».
Ibilbidea hasteko, Telleria baserritik gora igoko dira Loinazko ermitara, «iazko ziklokrosean txirrindulariak jaitsi ziren aldapatik gora». Ondoren, errepidea hartuta, gora aldera egin beharko dute txirrindulariek. «Hor dago aldaparik gogorrena», zehaztu du Mujikak. Dena den, asfaltoa izanda, errazago igoko dutela espero dute. 300 metroko malda gogorraren ondoren, eskuinera hartu eta lasterketarako egokitu duten bidean behera, Loinazko San Martin baselizaren atze aldera jaitsiko dira txirrindulariak. «Jaitsiera polita izango da». Handik ezkerrera gora eginez, Arrieta aldera aterako dira. «Erreka zulora jaitsi eta Beatxurretako goiko langara igoko gara. Aurtengo hirugarren aldaketa hor dago: Marimurumendi maratoiko ibilbidean jaitsiko gara Errekarte Txikira». Jaitsiera gogorra eta zaila dago zati batean eta txirrindularientzat bi aukera jarri dituzte: zuzenean jaistea edo, ausartzen ez direnentzat, errekatik barrena zeharka jaistea. Zailtasuna gaindituta, handik Gaztelura igo eta auzo guneko etxe tarteetatik bukatuko dute ibilbidea.
Izen ematea zabalik
Lasterketaren informazio osoa
www.mendiduatloia.eus webgunean dago eta izena ere bertan eman daiteke. 80 parte hartzaile espero dituzte eta faboritoen artean, Julen Larruzea dago. «Nesketan oraindik ez du inork eman izenik; ea animatzen diren».
Euskal Herriko zirkuituaren egutegia
- Irailak 3. Igartzako proba.
- Irailak 10. Ibarra (Gipuzkoa).
- Irailak 17. Zeanuri (Bizkaia).
- Irailak 24. Urduña (Bizkaia). Urrezko Mendi Duatloia.
- Urriak 1. Arriarangoa.
- Urriak 8. Artziniega (Araba).
- Urriak 15. Uztarroze (Nafarroa).
- Urriak 23. Amasa (Gipuzkoa).
- Azaroak 6. Usansolo (Bizkaia). Euskal Herriko txapelketa.
- Azaroak 13. Ea (Bizkaia).
- Azaroak 20. Biriatu (Lapurdi).
- Azaroak 26. Zegama.