Igandean egun osoko egitaraua antolatu dute. Salete baserriko Juan Jose Lasa eta Enkarni Arrieta omenduko dituzte. Usurbeko Igoera 11:30ean hasiko da
Salete baserriko Juan Jose Lasa eta Enkarni Arrieta omenduko dituzte igandean.
Beasaingo auzoetako jaien hilabetea izaten da iraila. Asteburuan Usurbeko edo Beasainmendiko festekin hasi eta iraileko asteburuetan, auzoren bateko jaiak ospatuko dituzte Beasainen: hilaren 9tik 11ra Igartza-Loinatz auzokoak; 16tik 18ra Arana-Bideluzekoak; eta 24an Lazkaibar auzokoak.
Ohi bezala, iraileko lehenengo astebururako antolatu dute auzoko festa Beasainmendiko Elkarteko kideek. Larunbatean, herri afaria eta auzoko mus txapelketa izango dituzte.
Dena den, igandekoa izango da festa egun handia. 08:00etako suziriek iragarriko dute festaren hasiera. 10:45ean herri meza egingo dute Mikel Mendizabal eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Laja eta Mikel trikitilariekin. 11:30ean, korrikalarien txanda izango da: Usurbeko igoera. 11:45ean Aizkorri Mendizale Elkartekoei ongi etorria egingo diete. 12:00etan Laja eta Mikel trikitilarien lehenengo saioa izango da, eta ondoren, Mikel Mendizabal eta Andoni Egaña bertsolariena.
Omenaldia eta bazkaria
Usurbeko jaietako momentu berezia omenaldiarena izaten da. Urtero auzoko agureak omentzen dituzte, eta aurten Salete baserriko Juan Jose Lasak eta Enkarni Arrietak jasoko dute auzotarren omena eta oparia. Lasa duela 72 urte jaio zen Salete baserrian. Arrieta segurarra da eta Zerainen, Andra Mari egunean ezagutu zuten elkar. Bi seme-alaba eta hiru biloba dituzte. Guztiek hartzen dute parte Beasainmendiko festan.
Lehenengo omenaldi horren ondoren, Jokinen oroimenean aurreskua eta lore eskaintza egingo dute.
13:30etik aurrera, herri kirolek izango dute lekua Agortan. Iñaki Azurmendi arriarandarra eta Xabier Orbegozo Arria V. a ariko dira aizkoran elkarren aurka lehian. Harri jasotzen, berriz, Beasaingo harrijasotzaile gazteak ariko dira: Esnaola, Goikoetxea, Urteaga eta Urdangarin. Ondoren, 14:30ean, herri bazkarian 350 bat lagun elkartuko dira. Txartelak Arrano elkartean (943 88 74 47) eta Iñaki harategian (943 88 27 47) eros daitezke. Urterokoa izango da menua: arrain zopa, saiheskia eta txuleta piperrekin eta letxugarekin lagunduta, fruta, kafea eta kopa.
Bazkalondorenean, 17:00etan haur jolasak eta 18:30ean, Laja eta Mikelekin erromeria izango dira.