Busca Isusiren jaiotzaren mendeurrena ospatuko dute igande honetan
Datorren asteartean Jose Maria Busca Isusi gastronomo zumarragarraren jaiotzaren mendeurrena beteko da eta Kofradia Gastronomikoen Kofradiak, Euskal Gastronomia Akademiak eta Zumarragako Udalak hainbat ekitaldi antolatu dituzte mendeurrena ospatzeko. Ekitaldiak igandean
Datorren asteartean Jose Maria Busca Isusi gastronomo zumarragarraren jaiotzaren mendeurrena beteko da eta Kofradia Gastronomikoen Kofradiak, Euskal Gastronomia Akademiak eta Zumarragako Udalak hainbat ekitaldi antolatu dituzte mendeurrena ospatzeko. Ekitaldiak igandean eta asteartean izango dira.
Igandean kofradia gastronomikoek topaketa bat egingo dute. 10:30ean elkartuko dira eta 11:00etan kalejira egingo dute, Zelai Arizti parketik aterata. 12:00etan ospakizun-ekitaldia egingo dute Zelai Arizti aretoan. Lauran Buscak bere aitari buruz hitz egingo du eta Juan Jose Lapitzek Inventario de repostería en Euskal Herria liburua aurkeztuko du eta Busca Isusi saria emango diote.
Ondoren, Carmen Agirre Busca Isusiren alargunari urrezko izokinaren intsignia emango diote. Ekitaldiarekin bukatzeko, bertaratuek Eguzki Lore zortzikotearen emanaldiaz gozatuko dute. Zelai Ariztitik Etxeberri jatetxera joango dira. Bertan, bazkaria egingo dute. Parte hartu nahi dutenek, 943 72 12 11 telefono zenbakira deitu behar dute.
Asteartean beste ekitaldi bat egongo da: Busca Isusiri buruzko hitzaldia egingo dute, 19:00etan, kultur etxean.
Jose Maria Busca Isusi 1916an jaio zen eta 1986an zendu zen. Trenbidearen eraikuntzan lan egitera etorri eta Ezkio-Itsasoko neska batekin ezkondu zen italiar baten biloba zen. Natur Zientziak eta Bromotologia ikasketak egin zituen. Jendeak ondo jatea nahi zuen eta bere liburuek, egunkarietako artikuluek eta irratsaioek arrakasta handia izan zuten etxekoandreen artean. Luis del Olmoren Protagonistas saioan kolaboratzen zuen eta Del Olmok Busca Isusi Argiñanoren aurrekoa izan zela idatzi zuen. Busca Isusiren etxera etxekoandreek idatzitako ehunka gutun iristen ziren.
Etxean, irratian ematen zituen aholkuak jarraitzen zituzten. Agirre alargunak Otamotz aldizkariari emandako elkarrizketa batean, seme-alabei arrain urdina ematen ziela aipatu zuen.
Enpresaria ere bai
Zumarragako gastronomoa enpresa munduan ere aitzindaria izan zen. Martzillan produktu izoztuen enpresa ireki zuen: Estatu espainiarreko lehena. Gainera, Zumarragako buzkantza lehiaketaren sortzailea izan zen. Egun, lehiaketa hau bere oroimenez antolatzen da.