Ekaitz Goikoetxeak irabazi ditu Basarri bertsopaper lehiaketako bi sariak, bigarren urtean jarraian
Zarauzko Udalak antolatu duen 32. Basarri Saria bertsopaper lehiaketan sari bikoitza lortu du Ekaitz Goikoetxea bertsolari beasaindarrak. Epaimahaiak atzo jakinarazi zuen sarituen berri, eta lehenengo eta bigarren sariak, biak eskuratu ditu Goikoetxeak. Iaz ere bi sariak beretzat izan ziren. Bihar gauean, Zarauzko Modelo zinema-aretoan jasoko ditu sariak, bat-bateko Lizardi Sariketako finalaren tarte batean.
Aurten, 32. ekitaldian, Naizenaren izenean izenburudun bertso-sortarekin irabazi du lehenengo saria. Zortzi bertso dira, ETAren su-etenetik doinuan. Transexualitatea da gai nagusia. Bigarren saria, berriz, Olatu bat… izeneko sortarekin bereganatu du Ekaitz Goikoetxeak. Beste zortzi bertso dira, Itsasoa laino dago doinuan kantatzekoak. Errefuxiatuek itsasoan dituzten arazoak islatzen ditu.
Lizardiko finalean bi goierritar
Zarauzko bertso sariketen beste senidea, bertsolari gazteentzako 40. Lizardi saria (bat-batean da), bihar bukatuko da. Bi kanporaketatan sailkatu diren sei bertsolarik finala jokatuko dute, bihar 22:00etan, Modelo zinema-aretoan. Tartean bi goierritar ariko dira: Aratz Igartzabal gabiriarra eta Maialen Akizu urretxuarra. Biek abuztuaren 26an kantatu zuten, Urpekoak elkartean.
Finalean, bi goierritarrekin batera, honako beste bertsolariak jardungo dira: Unai Mendizabal (Zizurkil), Eli Pagola (Hernani), Aitor Salegi (Zestoa) eta Aitor Servier (Azkaine).