Ezkiotik bereizi nahi duten ala ez erabakiko dute itsasoarrek irailaren 18an
Foru Aldundiak sustatuta, galdeketa egingo dute Itsason. Udalak eta Itsaso Bherria elkarteak positiboki baloratu dute. Ez da loteslea, baina erantzuna errespetatuko du aldundiak
Itsason galdeketa egingo dute irailaren 18an. Galdera honi erantzun beharko diote: Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea?. Bi erantzun posible izango dira: Bai eta Ez. Galdeketa Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du, Ezkio-Itsasoko Udalarekin elkarlanean. Ez da loteslea izango, baina itsasoarren nahia errespetatzeko konpromisoa hartu du Imanol Lasa diputatuak. Galdeketaren emaitza baiezkoa bada, aldundiak desanexiorako foru dekretua kaleratuko du. Kasu horretan, hurrengo udal hauteskundeak gauzatu bitartean, batzorde kudeatzaile bat osatuko da Itsason gobernatzeko.
Ezkio-Itsasoko udalak apirilaren 4an aurkeztu zion aldundiari desanexiorako espedientea, udalaren, itsasoarren eta ezkiotarren artean adostua. Ordutik, aldundiaren esku dago Itsasoren desanexioa gauzatzea. Ezer erabaki aurretik, herritarren iritzia jasotzea erabaki du aldundiak.
ESANAK: «Itsasoren desanexio prozesua borobiltzeko izango da galdeketa» «Proposatu dugu urtarrilaren 1etik aurrera udal bakoitza bere aldetik funtzionatzen hastea» Garikoitz Aiesta (Ezkio-Itsasoko alkatea)Itsasoko Ostatuko bigarren solairuan egingo da galdeketa. Leku horretan jarriko dute Itsasoko udaletxea, Ezkiorengandik bereiztea lortuz gero. Itsasoarrek 09:00etatik 20:00etara izango dute botoa emateko aukera. Boto kutxak itxi bezain pronto hasiko dira kontaketa egiten, eta egunean bertan emango dute jakitera emaitza. Aurrez botoa emateko aukera ere izango da, irailaren 5etik irailaren 16ko 13:00etara. Ezkio-Itsasoko Udaleko idazkari kontuhartzailearen aurrean eman beharko da aurretiazko botoa. Galdeketaren egunean hemezortzi urtetik gora dituzten itsasoar guztiak daude botoa ematera deituak. Garikoitz Aiesta alkateak eta Mathias Aizpuru Itsaso Bherria elkarteko ordezkariak modu positiboan baloratu dute kontsulta. Aiestaren hitzetan, «prozesua borobiltzeko» izango da galdeketa. Alkateak azaldu duenez, galdeketaren emaitza baiezkoa bada, ia ziur daude aldundiak desanexio agindua kaleratuko duela. Ez dakite, ordea, agindu hori noiz iritsiko den. «Guk proposatu dugu urtarrilaren 1etik aurrera udal bakoitzak bere aldetik funtzionatzen hastea, kontabilitatea sinpleagoa izan dadin, baina ez digute ziurtatu», adierazi du. Aizpuruk, bestetik, prozesua bera baloratu du gehien, alderdi guztien akordioa lortu delako: udalarena, ezkiotarrena eta itsasoarrena. Aldundiaren babesa jaso izanari ere balio handia ematen dio. Batzarra larunbatean Larunbatean, 19:30ean, batzarra egingo dute Itsason herritarrei informazioa emateko. Ostatuaren gaineko aretoan izango da. Kontsultaren egunean, berriz, herritarren eskura jarriko dute desanexiorako adostutako baldintzak azaltzen dituen eskuorria.













