Larunbat honetan hasiko da Antioko musikaldia
Larunbatean hasiko da Antioko musikaldiaren 33. edizioa, Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarraren, Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietaren eta Kaabestri hari orkestraren eskutik. Mikel Serrano Zumarragako alkateak prentsaurrekoa eman du gaur aurtengo
Larunbatean hasiko da Antioko musikaldiaren 33. edizioa, Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarraren, Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietaren eta Kaabestri hari orkestraren eskutik. Mikel Serrano Zumarragako alkateak prentsaurrekoa eman du gaur aurtengo musikaldia aurkezteko. Serranok bost kontzertu egongo direla aipatu du. Lehen lauak Antioko baselizan izango dira eta 19:30ean hasiko dira. Autobusa 19:00etan irtengo da Elizkaletik. Bosgarren kontzertua Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserriko dolarean izango da, 18:00etan. Autobusa 17:30ean irtengo da.
Larunbat honetako kontzertua Gorka Hermosak eta Kaabestri hari taldeak eta Kaabestri hari taldeak emango dute, Eñaut Elorrietaren kolaborazioarekin. 1936ko gerraren hasieraren 80. urteurrena dela eta, Gernikako bonbardaketa gogoratuko dute. Horretarako, Hermosaren Gernika 26/4/1937 lana joko dute besteak beste. Hermosak lan itzela egin du akordeoia duintzeko. Musikari ospetsuekin jo du eta disko eta liburu ugari argitaratu ditu. Santanderreko kontserbatorioan eskolak ematen ditu. Serranok herriko seme honek herrian jotzea «ohorea» dela esan du.
Kaabestri hari taldeari dagokionez, Euskadiko Orkestra Sinfonikotik jaio zen eta egitasmo garrantzitsutan parte hartu du: Bertsolari dokumentalean eta Urte berri on, amona! pelikulan parte hartu zuten, Grammy eta Oscar sariak irabazi dituen Glen Hansard irlandarrarekin BBK Live jaialdian jo zuten, Miarritzeko Malandain balletarekin lan egin dute, Donostiako Zinemaldiaren irekieran jo zuten…
Bigarren kontzertua hilaren 10ean izango da. Judith Jauregi piano-jotzaile donostiarrak emango du. Ikasketak Municheko Richard Strauss kontserbatorioan bukatu zituen eta orkestra garrantzitsuekin jo du. Bere lehen diskoak Musika Independiente sariketan saria lortu zuen. Aurki, Suitza, Japonia eta Milanon joko du. Serranok «euskalduna, gaztea eta proiekzio handikoa» dela azpimarratu du.
Irailaren 17ko kontzertua Errenteriako Landarbaso abesbatzak emango du eta 24koa Boliviako Ensamble Moxos taldeak. Talde honek Amazoniako musika jotzen du. Aipatzekoa da hilaren 29an tailer bat egingo dutela Urretxu eta Zumarragako ikasleekin, Zelai Arizti aretoan.
Aurtengo musikaldiko azken emanaldia Igartubeiti baserrian izango da, urriaren 1ean. Ensemble Diatessaron taldeak euskal kantak joko ditu. Talde honek musika historikoa jotzen du eta Le Basque izeneko diskoa argitaratu du. Arrakasta handia lortu du publikoaren eta kritikarien artean.