Aizkorri Mendizale Elkarteko kideak.
Abuztuan ere lanean aritu dira Aizkorri Mendizale Elkarteko lagunak eta bazkideak. Usurbeko gurutzea berritzea izan da beraien egitekoa eta Usurbeko jai egunerako lanak bukatu nahi izan dituzte. Beasaingo Udalaren laguntza izan dute horretarako, batez ere beharrezko diren makinaria eta bitartekoak lortzeko orduan.
Aizkorri elkartetik jakinarazi dutenez, «gurutzea toki batzuetan pitzatuta ageri zen. Lanak egiterakoan ere nabarmen geratu da gurutzeak, batez ere aurrealdean, garbitzeko zuen premia. Pikatzen hasi eta berehala porlan pusketa handiak erori ziren». Ingurune kaltetuenak garbitu eta berriz ere porlanez estali ondoren, gurutzea margotu zuten «pare bat aldiz». Argi berria jartzeko tokia ere berritu dute: «Argia Usurbeko jairako prest egongo da, bitartean froga batzuk egin beharko dira».
1953. urtetik zutik
Duela 63 urte egindako gurutzea da Usurbekoa. Mendizaleek eta baserritarrek elkarlanean eginzuten, eta 1953ko abuztuaren 23an bedeinkatu zuten.
Igandean Usurbera oinez
Urtero bezala, Aizkorri elkartekoek parte hartuko dute igandeko Usurbeko festan. Oinez joango dira Zumarragako Antiotik, Usurberaino. Antiora joateko autobusa antolatu dute, 08:00etan. Autobuserako aurrez izena eman behar da bihar elkartean, 19:00etatik 20:00etara bitartean. 11:45etarako gurutzean izango dira mendizaleak.