Eli Arrillaga: «Ardiek badute zerbait harrapatzen zaituena»
Eli Arrilllagarentzat (Zarautz, 1960) artzaintzatik bizitzea ez zen aukera bat izan, halabeharrez hasi zen. Pertsona bat ezagutu eta harekin bizitzen jartzea izan ...
Eli Arrilllagarentzat (Zarautz, 1960) artzaintzatik bizitzea ez zen aukera bat izan, halabeharrez hasi zen. Pertsona bat ezagutu eta harekin bizitzen jartzea izan zen hartu zuen erabakia. Artzaina zuen orduko bikotea.Poliki-poliki artzaintzak harrapatu egin zuen, «ardiek badute zerbait harrapatzen zaituena, ezingo nuke hitzez azaldu zer den», gaineratu du.
Oso gazte zela, 25 urterekin alargundu egin zen, alaba txikia zuen bere kargu. Bizitzako une hartan, edo Zarautzera bueltatu edo ardiekin artzain bezala jarraitu erabaki beharra izan zuen. Bigarrenaren aldeko hautua egin zuen: «Gutxienez saiatu egin behar nuela erabaki nuen». Leku egokia aurkitzea kosta zitzaion, baina azkenean Aizarnazabalen jarri zen bizitzen, «Zarauztik gertu, familiak alaba txikiarekin laguntzeko». 200 bat buruko artaldearekin aritzen zen, eta gazta ere egiten zuen.
Aizarnazabaldik goierrira
Aizarnazabalen zela, egun bere senarra dena ezagutu zuen. Senarra ere artzaina zen eta berekin ezkondu arte transhumantziako artzaintza egiten zuen. Senarrari esker ezagutu zuen orduan Arrillagak mendiko artzaintza, oraindik gaur egun praktikatzen duena. «Aizarnazabalen egoten ginen neguan eta Urbian uda partean». Aizarnazabalgoa alokairuko baserria zen eta inbertsiorik ezin zutela egin ikusita nonbaiten zerbait egin beharko zutela pentsatzen hasi ziren. «Hortan ginela sortu zitzaigun Olaberriako Aizpea baserria erosteko aukera».
Negua Olaberriko baserrian pasatzen dute eta uda sasoia berriz, Urbiako Ttonttor txabolan. Maiatz bukaera aldera arte Olaberriko gaztandegian egiten dute gazta, eta maiatz amaieratik uztail bukaerara arte Urbian mendikoa.
Emakumea eta artzaina
Arrillagak emakume artzainaren papera balioan jartzeko beharra dagoela uste du. «Parekidetasuna baino ez dugu eskatzen. Onartzea hau ere guretzat ofizio bat dela, guk erabakita gara artzainak ofizioz, ez gara artzainaren emazteak soilik». Senarrarekin batera egiten duen gaztak sari bat baino gehiago irabazi du, eta garbi dauka, «lehiaketak zer garen adierazteko erabili beharko genituzke, erosleek gazta bakoitzaren atzean zer dagoen jakiteko»