Joan den urtean baino 2.953 pertsona gehiago pasa dira Goierri beheko turismo bulegoetatik. Estatutik, Kataluniatik, eta atzerritik, Frantziatik gerturatu dira bisitari gehien.

Joan den urtean Goiturrek Goierri beheak udan izandako turismo mugimenduaren inguruan garbi zeukan; «2016an datuak hobetzea oso zaila izango da, ia-ia ezinezkoa», esan zuen Niko Osinaldek, Goiturreko zuzendariak, iaz garai honetan egindako turismo datuen aurkezpenean.
Aurten, ordea, pronostiko hoberenek asmatuko ez luketen datuak lortu dira. Izan ere, %23,2 egin baitute gora Goierriko bederatzi turismo bulegoeta-tik Ataun, Beasain, Idiazabal, Lizarrusti, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zerain uztailean eta abuztuan pasatako pertsonen kopurua, joan den urtekoeen aldean.
Iaz, 12.686 pertsona pasa ziren tokiko turismo bulegoetatik. Aurten, ordea, 15.639 bisitari zenbatu dira, 7.904 uztailean eta 7.735 abuztuan. «Datuak zenbatzen hasi ginenetik igoera handiena da aurtengo hau» aitortu du Osinaldek. Turismo bulegoetan jasotako datuak dira horiek. Turistek, gainera, alojamenduetan, internet bidez edo beste medio bati esker ere aurkitu ahal izan dute Goierriri buruzko informazioa, turismo bulegoetara joan gabe eta «horiek datu hauetan ez daudela sartuta kontuan hartu behar dugu» erantsi zuen Goiturreko zuzendariak

Turistak udara honetan, Ordiziako azokan.
«Errekorra lortu dugu»
Atzo eguerdian Ordiziako D’elikatuz zentroan egindako agerraldian «aurtengo turismo mugimendu datuekin errekorra lortu dugu» nabarmendu zuen Niko Osinaldek. «Joan den urteko datuekin pozik geunden eta horiek gainditzea zaila izango zela uste genuen» gehitu zuen, «baina datuek kontrakoa erakutsi digute, joan den urtean baino %23,2 bisitari gehiago izan baititugu Goierri behean» erantsi zuen.
15.639 bisitari
Goierri beheko bederatzi turismo bulegoetan uztail eta abuztuan zenbatu duten turista kopurua. Iaz baino 2.953 gehiago, %23,2ko igoera: uztailean 7.904 izan ziren, eta abuztuan 7.735.
Jatorriak eta arrazoiak
Goierri beheak izan dituen bisitarien jatorriari dagokionez, estatutik, Kataluniatik, Valentziatik eta Madrildik datozen turisten kopurua da handiena. Atzerritik, berriz, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua daude lehenengo hiru postuetan.
Goiturreko zuzendariaren iritziz, «gogor egin dugu lan Goierrira turismoa erakartzeko, kanpaina indartsuak jarri ditugu martxan eta izandako emaitzekin oso pozik gaude».