Zelaako kiroldegian egingo da aurten Idiazabalgo Garagardo Festa
Areto futboleko taldeak antolatzen duen 14. Garagardo Festa da aurtengoa. Toki aldaketa izango da aurtengo berrikuntzarik handiena. Ateratako dirua denboraldiko gastuetarako izango da
Azken urteetan bezala, Idiazabalgo areto futboleko taldeak Garagardo Festa antolatu du. Gaur emango zaio irekiera, 18:00etan, eta igandera arte mota ezberdinetako 12 garagardo dastatzeko aukera izango du bertaratzen denak. Festak 14. edizioa betetzen du aurten.
Toki aldaketa izan da aurtengo berrikuntza nabarmenena. Aurrekoetan bezala pilotalekuan egin beharrean, Zelaako kiroldegian egingo da.
Eskaintzari dagokionez, aurreko urteetan izandakoaren antzekoa izango da; garagardoaren prezioa 4 eurokoa izango da. Ohikoa den bezala, jatekoa ere egongo da. Ordutegiari dagokionez, gaur 18:00etan inauguratuko dute eta goizaldeko 04:00ak arte irekita egongo da. Bihar ere, ordutegi bera mantenduko da eta igandean, berriz, 18:00etatik 00:00ak ingurura arte.
Irekieraren egunean, Guri5 taldearen kontzertua egongo da 01:00etik aurrera. Aulki jokoan jolasteko aukera ere egongo da eta irabazleak zerbeza bat irabaziko du.
Garagardo festarekin eskuratutako diruarekin, taldeak denboraldian zehar izango dituen gastuen zati bat ordainduko dute; fitxak, bidaiak, arbitrajeak eta beste hainbat. Bi taldek jokatuko dute aurten, neskena bat eta mutilena bestea, eta irailaren amaieran hasiko dute denboraldia. Nesken taldea, gainera, Euskal Herriko txapeldun izendatu zuten maiatzean.













