Elgoibarko Mausitxak egin du bigarren eta Aiako Jose Luis Odriozolak hirugarren.
Aizpea kooperatibako Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillaga, saria jasotzen. Sari ematen, Koldobike Olabide alkatea. / Arg.: Maialen Igartua
Artzain Eguna ospatzen ari dira gaur Legazpin. Eguraldia lagun izan dute, eta goizean jendez bete da herriko plaza. Artisau postuak, ardiak, erakustaldiak, gazta salmenta… izan dira plazan goizean zehar. Horiek ikusteko aitzakiarekin, sagardoa edateko eta ardi haragia dastatzeko aukera ere izan dute bertaratutakoek.
Artzain Egunaren barruan, Gipuzkoako 32. Artzai Gazta Lehiaketa jokatu da. Lehen hamarrak Euskal Herriko Artzai Gazta lehiaketarako sailkatu dira. Epaimahaian zeuden, besteak beste, Izaro Iraeta eta Josema Azpeitia kazetariak. Hauxek izan dira lehen sei sailkatuak:
- Aizpea Kooperatiba (Olaberria).
- Mausitxa (Elgoibar).
- Jose Luis Odriozola (Aia).
- Orortegi kooperatiba (Aia).
- Joseba Intxausti (Ordizia).
- Makatza (Legazpi).
Herriko gaztetxoek Mausitxaren gazta aukeratu dute, eta dastaketa herrikoian Pikunieta kooperatibako gazta aukeratu dute.
Sariketa gehiago ere izan dira.
Ardi eta arkazte muturbeltz onenak Arantza Segurola legazpiarrarenak izan dira. Ardi eta arkazte muturgorri onenak, berriz, Gomiztegi baserriko Ekain Muruarenak. Bestalde,
ardi haragia prestatzeko lehiaketa ere egin dute, eta La Bellota elkarteak irabazi du.
Omenaldian artzainei
Azkenik, lehiaketez gain, hainbat omendu ere izan dira gaurkoan. Batetik, Gipuzkoako artzain adinduak omendu dituzte. Bi senar emazte izan dira omenduak: Jose Manuel Arrieta eta Lourdes Etxezarreta, eta Fermin Arrieta eta Lorentxa Etxezarreta. Fermin ez da omenaldira joan, Urbian geratu delako.
Bestetik, Amerikan artzain aritutako bi gizonezko omendu dituzte: Sebastian Izuzkitza eta Juan Carlos Balda. Ardi Latxaren elkarteak Gema Arrugaeta omendu du,
Artzaintza argazki liburuagatik. Eta, azkenik, herriko bi artzain ere omendu dituzte: Makatzako Pedro Gabiria eta Ines Argarate.
Arratsaldean, 17:30ean,
Artzain Txakur Lehiaketa jokatuko dute Urtatzako zelaian.