'Akabuko martxea' dokumentala aurkeztuko dute bihar Zegaman
Transhumantziari buruzko lana da. Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillaga artzain goierritarrak dira protagonistak. Fredi Paiak eta Aitor Gisasolak egin dute
A.Zaldua
Goierri
Bihar, 19:00etan, Akabuko martxea dokumentala aurkeztuko dute Zegamako Aitxuri ikastetxean. Transhumantziari buruzko lan honetako protagonistak Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillaga artzain goierritarrak dira. Egileak, berriz, Fredi Paia eta Aitor Gisasola dira.
Dokumentalak transhumantziaren ohitura, neguan artal-deak Urbiatik Bizkaiko Uribe Kostara eramaten zituzten artzainen zeregina, gogoratzen du. Ohitura horrek 1980ko hamarkadara arte iraun zuen. Mendiko elurtetatik ihesi, Goierriko artzainek negua Bizkaian ematen zuten, artaldeentzako larre bila.
2015eko urriaren 8an Etxezarreta eta Arrillaga Zegamatik abiatu ziren eta, bost eguneko ibilbidea bete ondoren, 250 buru inguruko artaldearekin Algortara heldu ziren. Asmoa, men- deetan zehar egin zen ohitura errepikatzea eta dokumentalaren bidez plazaratzea zen.
Lehen egunean Urbiatik Otxandiora joan ziren, bigarrenean Dimara heldu ziren, hirugarrenean Larrabetzura, laugarrenean Barrikara eta bosgarrenean Getxora.
Etxezarreta zegamarrak ondo ezagutzen zuen bidea, umetan Uribe Kostara joaten baitzen gurasoekin. 12 urterekin, lau hilabete egiten zituen Zegamako eskolan eta beste lau Plentziakoan.
Beretzat oso berezia izan da berriro ardiekin Bizkaira joatea. «Burura oroitzapen ugari datozkit: garai bateko pertsonak, tokiak, bidaiak. Oso emotiboa da eta ia sinestezina berriro egitea. Oso pozik nago, baina, aldi berean, oso urduri, artaldea onik heltzen dela ikusi arte», esan zuen irten aurretik.
Egitasmoaren helburua kostaldera joaten ziren artzainen memoria berreskuratzea da. Baita ere gipuzkoar eta bizkaitarren arteko harremanak sendotzea eta Euskal Herriko errealitate ezberdinak ezagutzera ematea.
Dokumentalak ordu beteko iraupena du eta ondoren emakume artzainei buruzko Dominica ikus-entzunezkoa emango dute (zortzi minutukoa). Bukatzeko, solasaldia egingo dute Etxezarreta, Arrillaga, Paia eta Gisasolarekin.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.