Iñaki Ormazabal harategiak irabazi du Goierriko Odolki Txapelketa
Ordiziako aparteko ferian, gazta lehiaketaren tarte batean, gaur eguerdian banatu dituzte beste bi lehiaketatako sariak. Goierriko 22. Odolki Lehiaketa-Dastaketan, Beasaingo Iñaki Ormazabal (lehengo Julian Mujika) harategiak lortu du lehenengo saria; Iñaki Ormazabal harakinak jantzi du txapela, Jose Joan Castillo sukaldariak jarria.
Bigarren Iñaki Erauskin (Zaldibia) geratu da, hirugarren Olano Harategia (Beasain) eta laugarren Jesus Mari Deba (Ezkio-Itsaso).
Sukaldaritza lehiaketa
Bestetik, elkarteen arteko 25. Sukaldaritza Lehiaketan, Josi eta Joseba Eskisabel bikoak (German Iturgintzak babestuak) prestatutako platera lehenetsi dute. Onddo krema ilarrekin, urdaiazpiko txirbilarekin eta Idiazabal saltsarekin prestatu zuten. Bertako produktuak erabili behar izan dituzte.
Bi lehiaketak atzo jokatu ziren, Ordiziako Plaza Nagusian. Odolkien lehiaketan 11 partaide izan dira, eta sukaldaritzakoan 9 elkarte.