Solfeorik ez du Iñaki Gurrutxaga 'Gurru'-k (Legazpi, 1977), baina orduak sartzearen poderioz ikasi du gitarra jotzen. 'Aleike' diskoa kaleratu berri du. Etxean grabatu eta nahastu du oso-osorik.Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?Musika beti gustat...
Solfeorik ez du Iñaki Gurrutxaga ‘Gurru’-k (Legazpi, 1977), baina orduak sartzearen poderioz ikasi du gitarra jotzen. ‘Aleike’ diskoa kaleratu berri du. Etxean grabatu eta nahastu du oso-osorik.
Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?
Musika beti gustatu izan zait. Familiakoek Gurrutxaga taberna dute Legazpin, eta denetik entzuten nuen han. Orain dela urte asko Ehunzango batukadan jotzen hasi nintzen, Legazpin. Han ikasi nuen perkusioa jotzen eta erritmoa eramaten. Gitarra jotzen ikasteko gogoa ere beti izan dut, baina ez nintzen animatzen. Duela zazpi bat urte, harreman bat amaitu nuen, eta gitarra jotzen hasi nintzen.
Zure kabuz ikasi zenuen gitarra jotzen.
Praktikatu eta praktikatu, engantxatu egin nintzen. Urtebete inguruz joan nintzen gitarra eskoletara, baina gero utzi egin nuen, eta nire kabuz orduak eta orduak sartu ditut, etxean. Sol-feorik ez dut; hortaz, dena entzumenaren arabera egiten dut.
Gitarra jotzen ikasi ahala, abestiak egiten hasi zinen.
Bai, hori da. Letra batzuk banituen, eta musika batzuk ere bai. Orduan, ikasteko, abesti horiek grabatzen hasi nintzen. Hasiera batean intentzioa ez zen disko bat kaleratzea, grabatzen ikastea eta nik sortutako abestiak gordeta izatea baizik. Gorabehera batzuk ere izan ditut. Izan ere, abestiak grabatzeko erabiltzen nuen programa izorratu egin zitzaidan, eta dena galdu nuen. Orduan, beste programa bat instalatu eta berriro hutsetik hasi behar izan nuen. Egia esan, ongi ere etorri zitzaidan, gero hobeto grabatzeko. Akatsak eginez ikasi dut asko.
Zein momentutan erabaki zenuen zure abestiekin disko bat osatzea?
Abestiak grabatzen nituen heinean, momentu batean konturatu nintzen posible zela nuen materialarekin disko bat osatzea. ‘Ahal liteke’, esan nion nire buruari; abesti baten izena ere horixe da,
Aleike, eta diskoari izena ematen dion abestia da.
Disko osoa zuk egin duzu. Asko ikasi duzu prozesuan?
Diskoa osoa etxean grabatu dut. Kostata, baina egin dut. Kopiak egitera bidaltzeko botoiari eman nionean, esan nuen: ‘Bakea’. Egia esan, askoz errazago eta azkarrago egin zitekeen, baina ikasten ari nintzenez, eskua hartzen eta gauza ezberdinak probatzen joan naiz. Estudio bat dut etxean jarrita; horretarako, komuna kendu nuen, eta leiho bat atera nion logelara. Estudio horrek aukera ematen dit neure burua grabatzeko.
Kalean jotzea da zure asmoa.
Bai. Batzuetan furgoneta eta gitarra hartzen ditut, eta norabait joaten naiz kalean jotzera. Orain arte ez nuen diskorik, eta apur bat deserosoa egiten zitzaidan. Orain diskoa izango dut alboan, jendeak eros dezan. Nik nahi dudana da loturarik edo konpromisorik ez izatea. Kalean jotzearen ona da ez duzula konpromisorik: nahi baduzu ordu erdi jotzen duzu, nahi baduzu ordubete, eta eguna ez baduzu, ez duzu jotzen. Askatasun hori ematen dizu.
Saltzen da diskorik kalean abestuta?
Hori da asmoa. Duela bi aste Orion izan nintzen, esaterako. Jende askok, diskoa erosi beharrean, dirua botatzen dit. Jendeari erreparo pixka bat ematen dio zure aurrean geratu eta diskoa erosteak. Lotsatu egiten dira, ia jotzen ari dena baino gehiago. Batez ere, ezagunak.
Hainbat taldetan ere jotzen duzu.
Vancouver eta Barrunbadau taldeetan jotzen dut. Samba Dzanga taldearen kontzertu batzuetan ere bai.
Nolakoa da kaleratu berri duzun diskoa?
Nahiko lasaia da. Jendeak esan dit oso atsegina dela entzuteko, kotxean eta. Letra guztiak euskaraz dira, nik eginak. Uste dut pentsarazten duten letrak direla. Burutik pasa zaizkidan gauzak eta pentsamenduak eraman ditut letretara, eta kuriosoa da jakitea jendeari zer pentsarazten dioten.
Laguntza ere izan duzu.
Kizkitza Alustiza kuadrillakoak nirekin abesten du kanta batzuetan. Saxofoia Koldo Cadierno urretxuarrak jo du, tronpeta Mikel Gurrutxaga ilobak, Alain Beltzak kabakinoa, eta Ibon Gurrutxaga ilobak koroak egin ditu. Bestalde, esker bereziak eman nahi dizkiot Iker Otegiri, grabaketekin asko lagundu didalako.
Urte askoko lana izan da. Emaitzarekin gustura?
Oso gustura geratu naiz. Hurrengoa, agian, mugituagoa egingo dut. Eta, batez ere, gustura geratu naiz asko ikasi dudalako prozesuan: grabatzen, nahasten…
Hortaz, bigarren disko bat egiteko asmoa duzu?
Ziur egingo dudala. Engantxatuta nago. Musika droga bat da niretzat. Egun guztian izaten dut musika buruan, eta orduak eta orduak ematen ditut gitarra jotzen edo grabatzen. Baina beti esaten dut niri musikak ez didala denborarik kentzen; lanak kentzen dit denbora.
Non eros daiteke diskoa?
Herriko tabernetan. Mila kopia atera ditut. Azaro aldera kontzertu bat eman nahi dut Gurrutxaga tabernan, diskoan parte hartu duten gainontzeko musikariekin, diskoa herritarrei aurkezteko.