N-1etik San Bartolomera dagoen sarrera-irteera eta Eroskiren ingurua egokituko dira. Pantaila akustikoak jarriko dira N-1ean, Euskal Pilota eta Bustuntza parean
Ordiziako San Bartolome auzoko zirkulazioa berrantolatuko duen proiektua onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuak. Proiektu horren onarpena aurkeztu zuten atzo Ordiziako udaletxean. Bertan izan ziren Bide Azpiegituretako diputatua Aintzane Oiarbide eta Ordiziako lakate Jose Migel Santamaria.
Egitasmo horren baitan, foru erakundeak inguru hori egokitzeko hitzarmena sinatuko du Ordiziako udalarekin eta, besteak beste, San Bartolome auzoak N-1etik daukan sarrera-irteera adarra berrituko da, oinezkoentzako espaloia eta bizikletentzako bidegorria eginez. Eroski hipermerkatuaren inguruan ere egokitzapen lanak egingo dira.
N-1 errepidetik Ordiziara dauden lau sarreretako bat da San Bartolome. Alkateak azaldu zuenez, «trafiko gutxien duen sarrera bada ere, zirkulazioa bi norabideetakoa da eta auzoarentzat gehiegizkoa da». Eroski ere bertan kokatuta dago eta «oinezkoen joan-etorri handia egoten da beheko pasoan» esan zuen Santamariak. Auzoak gaur egun bizi duen egoera «konpondu asmoz» jarri da martxan egitasmoa.
383.000 euroko kostua
Onartutako aurreproiektuak 383.000 euroko aurrekontua du. Udala eraikitze proiektuaz arduratuko da eta diputazioak obraren finantzaketan parte hartuko du. «Aurrekontuaren %75-80 Diputazioak finantzatuko du» adierazi zuen Oiarbidek. Proiektuaren «garrantzia» azpimarratu zuen Bide Azpiegitura Diputatuak eta «oinezkoen segurtasuna eta sarrera txukuntzea puntu nagusienak» izango direla erantsi zuen.
Santamariak adierazi zuenez, etorkizuneko planeamendu orokorra zehazten den bitartean, «San Bartolome auzoa hobetzeko pauso garrantzitsu bat emango dugu berehala». Duela urte batzuk «ekin genion auzoaren berritzeari, erortzear zeuden eraikin batzuk botaz, espaloiak eginez, argiteria berrituz, ingurua txukunduz eta aparkalekua handituz», erantsi zuen Ordiziako alkateak.
Pantaila akustikoak jarriko dituzte N-1ean
Atzo udaletxean egindako agerraldian, bigarren proiektu bat ere aurkeztu zuten Bide Azpiegitra Diputatuak eta Ordiziako alkateak, N-1 errepidean pantaila akustikoen instalazioa, hain zuzen. Pantaila horiek Donostiarako norabidean jarriko dira, eskubitara, N-1eko gainaldeko igarobidean hasi eta 140 metro luzatuz. Ingurune horretan hainbat etxebizitza daude San Inazio eta Euskal Pilota kaleetan. Aldundiak inguru horretako zarata gutxitzeko «4 metroko altuera izango duen metakrilato gardeneko pantaila akustiko bat» diseinatu duela adierazi zuen Oiarzabalek.
Gasteizerako norabideari, berriz, 2017ko urte hasieran ekingo diote. Norabide horretan, etxebizitza eta N-1aren artean, Madril-Irun trenbidea kokatzen da. Oiarzabalek esan zuenez, «pantaila akustiko bejetal bat» diseinatu dute inguru horretarako, «zarataren xurgapen ezaugarriengatik eta ingurunean ondo integratzen delako». Beraz, N-1 eta trenbidearen artean hesi berdea egingo dute.
Pantaila akustikoen esleipen prozesua irailean jarriko dute martxan, eta Donostiako noranzkoan jarri behar dituzten panelei lehentasuna emango diete obrak lehenbaitlehen hasteko helburuarekin. Hiru hilabeteko epea eta 241.500 euroko aurrekontua izango dute lan horiek. Gasteizerako noranzkoan jarriko diren panelak ondoren esleituko dituzte, eta obrak 2017an gauzatuko dituzte. Horiek ere hiru hilabeteko epea izango dute eta 165.000 euroko aurrekontua.