Frontoiko jendea zutik eta txaloka zela jaso du Ordiziako lehen saria Otatza baserriko Joseba Intsaustik (Ordizia, 1977), Joxe aitarekin batera. Ahotsa emozioz dardarka, etxeko, artzain eta mendiak eskertu ditu.Hainbeste urte lehiaketan eta askotan fin...
Frontoiko jendea zutik eta txaloka zela jaso du Ordiziako lehen saria Otatza baserriko Joseba Intsaustik (Ordizia, 1977), Joxe aitarekin batera. Ahotsa emozioz dardarka, etxeko, artzain eta mendiak eskertu ditu.
Hainbeste urte lehiaketan eta askotan finalean izan ondoren, irabazi duzu sari nagusia.
Hamazazpi urte dira lehiaketara aurkezten hasi nintzenetik. Eta tokatu da, behingoz, irabaztea. Gazta hau posible egin duten guztiak etorri zaizkit burura. Ez da nire lana bakarrik; aitaren lana da, amarena, etxekoena, nire artaldearena, nire maisuena. Hemen, podiumean zeuden artzain hauek izan dira nire maisuak urte hauetan guztietan. Eurei esker, noizbait tokatu zait sari hau eskuratzea.
Irabazteko itxaropenik bazenekarren?
Beti dago esperantza puntu bat. Irabaztea toka liteke, eta ilusio horrekin etortzen gara denok. Egia esan, bero honekin, ez dut pentsatu gaur.
Nolako gazta ekarri duzu?
Nik bi seme-alaba ditut: beheko gazta, eta mendikoa. Mendiko hau da nire seme edo alaba kutuna. Aralarko gazta bat da, eta horregatik ematen dit emozio gehiago, halako gazta apal eta xume batek sari hau irabaztea.
Zer ondorio ekar diezazuke sari honen oihartzunak?
Ardura handiagoa da, niretzat. Ni izan naiz saritua, baina azkenean artzain guztion lana izan da saritua lehiaketa honetan. Gogoan izan behar da artzainok egiten dugun lana, gizarteari ematen dioguna. Gazta baten atzean jaki bat dago, natura bat, mendi batzuk, kultura bat, animalia batzuk. Eta ilusioak, ametsak. Gauza asko daude, eta horiek artzain guztiok dauzkagu.
Nori eskaintzen diozu saria?
Norbaiti eskaintzez gerotan, hogei urte daramatzat artzain, eta urteotan jasan nauten etxeko aitari eta amari, bereziki. Baina baita urte hauetan lagundu nauten guztiei ere.
Ordiziarra izanda, herriko sari hau irabaztea oraindik eta bereziagoa da?
Bai, noski. Nik txikitatik bizi izan dut azoka hau. Oiloekin hasi nintzen, 12-13 urterekin, lehiaketara ekartzen. Gero trantsizioa egin nuen, oiloetatik gaztara, segidan. Oso berezia da niretzat.
Ametsa egia bihurtu duzu?
Hein batean, bai. Sari potolo hau oso garrantzitsua da guretzat. Oraindik ez dut barneratu gertatu dena.
Bokaziozko artzaina zara, gaztetan zeuk aukeratu zenuen lanbidea.
Bai, eta hau errekonozimendu bat da, azkenean. Kasu honetan niri, baina artzaintza guztiari. Gaurko egunean, artzainon lana da bistaratzen dena eta jendeak ikusgai duena. Gure lanaren eta bizimoduaren fruitua da.
Zer eskatuko zenuke, sari honek damarren bozgorailutik, artzaintzak bere tokia izan dezan gizartean?
Nik uste dut oso erraza dela: bizitzen utz diezagutela. Kanpoan ibili naiz orain, eta artzain eremu batzuk ikustetik nator. Alde guztietan arazoa bera da: artzainoi duin bizitzen utz diezagutela. Horretarako, gutxieneko azpiegitura batzuk behar ditugu. Ez dugu asko eskatzen, beti gutxieneko bat baizik. Bideak ez dira errepideak, lurrezko pistak dira. Eraikuntzak, gutxieneko aterpe batzuk dira. Azkenean, guk mendian lan egiten dugu, naturarekin bat. Mendi horiek ez dira gureak, gizarte guztiarenak dira. Gizarteak lagundu behar digu, iraun dezagun.
Zer egin behar du gizarteak?
Gure lekuan jarri, pixka batean. Egia da artzain gehienok geuk aukeratutako bizimodua daukagula. Baina horrek ez du kentzen bizimodu hori pixka bat duinago egiteko amestea ere. Gure le-poan jar dadila gizartea ere, kasu guztietan.