«Aldaketak zentzuz egin behar dira dantzan, ezagupenarekin»
Mikel Sarriegi (Beasain, 1965), Loinatz jaietako plazako soka dantzan hasi zen dantzan ume-umetan. Harrezkeroztik, dantzan dabil beasaindarra: batetik, hankak dantzatuz, eta bestetik, ...
Mikel Sarriegi (Beasain, 1965), Loinatz jaietako plazako soka dantzan hasi zen dantzan ume-umetan. Harrezkeroztik, dantzan dabil beasaindarra: batetik, hankak dantzatuz, eta bestetik, artxiboak dantzatuz. Aurtzaka dantza taldeko kidea da Sarriegi.
Herriko jaietan plazan dantza egin zuen mutiko txiki hura, Euskal Herriko aurresku txapelduna izan zen zazpi aldiz.
18 urterekin parte hartu nuen lehenengo aldiz eta 1984an irabazi nuen lehenengo aldiz Euskal Herriko txapela, Pasaian.
Beasaingo udaletxean daude zuk irabazitako sariak.
Bai. Hiru urte segidan irabaziz gero dantzariaren herriko udaletxean geratzen zen eskultura. Beasainen bi daude, sei segidan irabazi nituen eta. Nestor Basterretxearena eta Ricardo Ugarterena dira.
Garai batean kalean ikasten eta egiten zen dantza, erromeriak ziren horren adibide.
Bai. Lehen dantza sueltoa, adibidez, modu naturalean ikasten zen, ikusiz. Hor transmisioan eten bat egon da. Azkenengo 40 urteetan, dantzak eskenatokira igo direnetik, beste era batera lantzen dira. Eskenatokiak dituen exigentziak desberdinak dira; dantza espezializatu egin da eta konplexuak hartu ditu jendeak. Igartzako dantzarekin [bihar, 12:00etan, Beasainen] berriz kalera edo plazara atera nahi izan dugu dantza.
Dantzatzeaz gain, dantza ikertzen eta berreskuratzen lan handia egiten ari zara.
Momentu batean galderak edo zalantzak sortzen zaizkizu: hau zergatik egiten da horrela, zergatik daude kontraesan hauek… Horrezaz gain, Aranzadiko etnografia saileko Joxe Alberto Andres Zurutuza Goierriko folklorea biltzen ari da, eta folklorearen barruan dantza. Berak dantza ezagupen mugatua duenez, proposatu zidan ea hori landu genezakeen. 15 urte daramagu materiala biltzen. Dantza maisu zaharren informazioa jasotzen ari gara, eta ondorioak ateratzen.
Zaldibiako Juan Inazio Iztuetaren izena aipatu beharra dago euskal dantzaren historian.
Iztuetak garai hartan egiten zen dantza oso ondo dauka jasota; oso zorrotz deskribatu zituen gauza asko. Hutsuneak badauzka, kontraesanak ere bai… Baina ikusi dugu, guri iritsi zaigun dantza estandar horretan kontraesanak daudela Iztuetarekin. Hor dauden kontraesanak dantzak eboluzionatu egin dutelako izan daitezke.
Zein kontraesan dira horiek?
Zirkunstantzia soziokulturalagatik-edo, dantzak finkatzeko behar bat egon da. Ondare bat mantendu behar dela eta dantzak fidel mantentzeko behar bat badagoela ikusi da. Baina daukazun ibilbideagatik konturatzen zara aldaketak egon direla. Konturatzen zara ez dela existitzen dogmarik, hau beti horrela izan da; gauzak aldatzen joan direla.
Zer esan nahi duzu dantzaren estandarizazioarekin?
Gipuzkoako dantzen estandarizazioa gertatu da; Donostiako dantza taldeekin etorri zen estandarizazio hori; Goizaldi izan da adierazgarriena. Baina dantza talde horiek Ordiziatik joan zen dantza maisu Jose Lorentxo Pujanaren (Iztuetaren segida jaso zuena) dantza jaso zuten. Euskararen adibidea jartzen dut hori azaltzeko, euskara batuarena eta euskalkiena. Dantza taldeen eredu horretan dantza akademizatu egin zen, baletizatu. Dantza talde horiek oso maila handia izan zuten; orain dela 50 urte asko mugitu ziren, baita Europa osoan ere. Ia-ia profesionalak izan ziren dantzari haiek. Orduan horiek exijentzia maila bat bazuten eta dantza bat eszenara eramaten denean, gauza asko galdu egiten dira. Dantzakera jasoago bat egiten da, estetikoki beste zerbait eskatzen du.
Estandarizazio hori zertan oinarritu zen?
Donostialdeko estandar horrek erreibindikatu du Iztuetaren ondarea beraiek jaso zutela. Denok sinestu egin dugu hori, dantza komunitate guztiak hori ontzat eman du. Baina gu Goierriko dantza maisu zaharrak elkarrizketatzen hasi ginenean, Pujana aitarekin ikasi zutenak, ikusi dugu kontraesan horietan gauza asko ez direla iritsi zaizkigun bezala izan; dantza maisu horien erdibideko dantzakera hori Iztuetarengandik gertuago dago. Arau orokor batzuk oso zorrotz eta finko mantendu dira, baina dantza maisu bakoitzak bereak zituen matiz pilo bat. Dantza maisu bakoitzak bere eskuliburua zuen eta ez ziren berdinak, eta kontraesanak zeuden tartean.
Goierriko dantza maisuen informazio garrantzitsua izango da beraz.
Elkarrizketatu ditugun dantza maisu horiek emandako informazioaren arabera, eraldaketa batzuk egon dira bai; zein aldaketa egon diren identifikatzen eta zergatik gertatu diren aztertzen ari gara orain. Ez da lehengoa berreskuratzeagatik, baizik eta jakiteagatik eta jasotzeagatik. Oso gauza politak eta interesgarriak azaltzen ari dira. Aurtzaka dantza taldean bertan ildo hori erabiltzen ari gara, gauza aberatsagoak egiteko. Ezjakintasun handia dago zergatik egiten diren gauzak. Jendea hezi egin behar da, edozein arte diziplinatan bezala.
Goierri da euskal dantzaren sehaska?
Iztuetaren eraginez Zaldibia da gutxienez abiapuntua. Muin hori Ordiziara zabaldu zen Olano zaldibiarra Ordiziara bizitzera joan zenean. Bere eskola sortu zuen Ordizian. Pujanatarrak, Irastortza… dantzari sorta handi bat atera zen eskola horretatik eta gero Gipuzkoa osoan hedatu ziren. Diputazioak ere asko bultzatu zuen.
Dantza maisuen funtzioa zein izaten zen?
Dantza maisu batzuk profesionalak ziren eta batzuen artean bazegoen konpetentzia bat. Garai batean festen barruan dantza egotea oso garrantzitsua zen, gaur egun festetan su artifizialak egotearen pare. Gehienetan herriko gazteak edo umeak formatzen zituzten. Urte batean baino gehiagotan lortzen bazuten herri batean kontratatzea, kuadrilla on bat lortzen zuten. Iztuetak bere garaian Zaldibian eta Olanok Ordizian lortu zuten, eta Gipuzkoatik kanpo joan izan ziren ikuskizunak ematera. Iruñera, Bilboko zezen plazara…
Genero aldetik ere ari zarete ondoriorik ateratzen eta eraldatzen?
Erritozkoak diren dantzatan ez dago genero bereizketarik egiteko inolako zentzuzko arrazoirik. Gainditu behar izan den oztopo larriena, arropa izan da. Dantza jakin bati arropa klase bat izendatu zaio eta prakak baziren mutilen dantza zen, eta gona baldin bazen neskena. Aditu batzuk diote, Oier Araolazak adibidez, poxpolin arropak kalte handia egin diola generoaren gaiari. Poxpolin arropa nesken dantza arropa zen eta arropa horrek dantza egiteko izugarri mugatzen zaitu; gona horrekin ezin dira zenbait dantza egin. Behin arroparena gaindituta, ez dago arazorik, Igartzan ikusi den bezala.
Eta dantza sozialetan?
Desberdina da. Gizarte dantzetan eta plaza dantzetan rolak sartzen dira. Gizarte dantzetan gizartearen isla gara eta gizarte batek konpondu gabe daukan gauza batean gu abanguardia izatea…. oso zaila da. Eta neurri batean izaten ari gara. Formulak bilatu egin behar dira. Ikusten ari garen bezala, beti ez dira gauza finkoak egin, gauzak aldatzen joan dira. Momentu batean emakumea plaza publikotik desagertu zen bezala, esate baterako, elizak egurra eman zuelako, orain sartzeko ez dago arazorik. Formulekin asmatu behar da, eta oinarri sendo bat dagoenean, aldaketa drastikoagoak egiten saiatzen gara. Neskatxen esku dantzarekin konpentsatze lan bat egin genuen. Zentzuz egin behar dira aldaketak, ezagupenarekin.