Bizikleta martxa irailaren 22an egingo da
Legazpiko Udalak bat egin du beste behin ere Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearekin, eta hilaren 16tik 22ra bitarterako hainbat ekintza antolatu ditu.
Aurtengo Mugikortasun Asteak gazteak izango ditu jomuga, eta hilaren 16an, ostirala, Batxilergoko ikasleei zuzendutako sentsibilizazio saioak burutuko dituzte herriko bi ikastetxeetan, Olazabal institutoan eta Haztegi ikastolan, Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailaren laguntzarekin, Agirrek azaldu zuenez. Bi ikastetxeak batuta, 80-bat ikaslek hartuko dute parte saio horietan.
Egun berean, oinezkoei, txirringan ibiltzen direnei edo auto gidariei zuzenduta, kale-animazio saioak egingo dituzte, ohitura txarrak edo desegokiak ohartarazteko eta zuzentzeko helburarekin. Bi lagun ibiliko dira herriko kaleetan zehar, pailazoz jantzita, 10:00etik 13:00ak arte, jarduera hezitzaile honetan.
Baina aurten ere, bizikleta martxa izango da Legazpiko Mugikortasun Astearen ikurra. Hilaren 22an egingo da, ostirala, 18:00etan Laubidetik abiatuta. Baina aurten ibilbide luzeagoa izango du, plaza parera iritsitakoan, bertan amaitu ordez Mirandaolaraino joango delako. Mirandaolan banatuko da ohiko askaria, eta atseden hartu eta gero herrira itzultzean, Txorronea parean haur txikienekin elkartuko dira txirrindulariak eta partaide guztiak batera iritsiko dira Euskal Herria enparantzara. Amaieran, bizikletan gaur egun derrigorrez eraman behar diren txirrinak eta argiak zozkatuko dira. Urtero bezala, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak eta Korosti zikloturista taldekoek lagunduko dute bizikleta martxa honetan.
Bestalde, hilaren 16tik 22ra bitartean, Junetorri autobus zerbitzua dohainik izango da.