Atauniker kultur elkarteak jasangarritasunaz eta naturaren aberastasunaz hiru ekitaldiko zikloa antolatu du: bisoi europarraren erakusketa etzi ireki, eta Oñatiko esperientzia eta Agauntza errekako lurzorua aztertuko dute.

Bisoi europarra.
Ataungo natura, natur ingurunea eta hura zaintzeko jasangarritasun irizpideak lagunduko ditu Atauniker kultur elkarteak, irailean zehar, hiru osagaidun ekitaldi-sail batean. Lehendabizi, bisoi europarrari (
Mustela lutreola) buruz erakusketa zabalduko dute.
Herri Antzokiko atalaurrean jarriko dute haragijale horri buruzko informazio eta argazki bilduma. Desagertzeko zorian dago bisoi europarra, bere larruarekin berokiak egiteko erauzi zutelako. Goierrin geratzen da azkenetariko kolonia bat, Agauntza errekaren inguruan. Europako Natura 2000 sarean sartuta, animalia espezie horren gordeleku babestua da.
Erakusketa etzi 19:00etan inauguratuko dute. Irailaren 23ra arte egongo da, astegunetan 18:30etik 20:00etara eta larunbatetan 11:30etik 13:30era. Igandeetan, itxita. Taldeentzat ordutegi bereziak hitzartu litezke.
Oñatiko esperientzia
Bigarren saioan,
Herriak jasangarritasun bidean hitzaldia egingo dute. Irailaren 21ean da, udaletxeko ganbaran, 19:00etan. Oñatiko esperientzia kontatuko du hango alkate Mikel Biainek.
Azkenik, irailaren 24an, larunbatarekin, Agauntza ibai alboan ibilaldi gidatua egingo dute, San Martindik San Gregoriora. Lau geologo izango dira gidari.