Bisitari atzerritarren kopurua %236 hazi da
Uda honetan 15.000 lagun baino gehiago pasa dira Goierri garaiko toki turistikoetatik eta turismo bulegoetatik. Ostatu gehienetan iaz baino bezero gehiago izan dituzte eta turismo bulegoetatik ere jende gehiago pasa
Uda honetan 15.000 lagun baino gehiago pasa dira Goierri garaiko toki turistikoetatik eta turismo bulegoetatik. Ostatu gehienetan iaz baino bezero gehiago izan dituzte eta turismo bulegoetatik ere jende gehiago pasa da. Aipatzekoa da Estatu espainiarreko beste tokietatik datorren bisitarien kopurua %58 igo dela eta beste Estatu batzuetatik datorrenena, berriz, %236.
10.500 turistek bisitatu dituzte Goierri garaiko gune turistikoak. Inaziotar Bidea egiten duten erromesak ere geroz eta gehiago dira. Gehienak euskaldunak, kataluniarrak, frantsesak, alemaniarrak eta amerikarrak dira. 150 lagunek baino gehiagok hartu dute aterpe Santa Barbarako aterpetxean.
Turismo bulegoetatik ere jende asko pasa da. 4.764 lagun, hain zuzen ere. Iaz baino %20 gehiago. Antioko turismo bulegotik pasa diren bisitarien %48 Euskal Autonomia erkidegokoak dira, %39 Estatu espainiarreko gainontzeko herrialdeetakoak (batez ere kataluniarrak, valentziarrak, madrildarrak eta andaluzak) eta gainontzekoak, atzerritarrak (batez ere, frantsesak, amerikarrak eta ingelesak).
Bisitari horiek turismo bulegoetan eskatu duten informazioari dagokionez, %88ak Goierri garaiari buruzko informazioa eskatu du. Asko Hiru Tenpluen Ibilbidea egiten ari dira eta Arantzazu edo Loiola dituzte helmuga. Uggasako Turismo arlotik jakinarazi dutenez, Mirandaolari eta Igartubeitiri buruzko informazioa eskatzen dutenak ere asko dira.
Dena den, geroz eta gutxiago dira turismo bulegoen laguntza behar dutenak. Izan ere, webguneetan eta sare sozialetan behar duten informazio guztia dute eta Gipuzkoako gainontzeko turismo bulegoetan Goierri garaiari buruzko informazioa dute. Gipuzkoako turismo bulegoetarako argitaratu den triptikoak harrera bikaina izan du eta 1.500 aleak agortu egin dira.
Goierri garaiko mapa turistiko berriak ere arrakasta izan du. Bisitariak gune turistikoetara eramateko orduan lagungarria izan da eta, gainera, herriguneak ezagutzera bultzatu ditu. Turismo teknikarien esanetan, horrek ostalaritzari mesede egin dio.