Basogintza ondare bihurtuta
Urretxuko Santa Anastasia jaien barruan, urteak daramatzate goizeko Euskal Jaia antolatzen. 1981ean lehenengo aldiz artisauen erakusketa antolatu zenetik, ez du etenik izan. Azken ...
Urretxuko Santa Anastasia jaien barruan, urteak daramatzate goizeko Euskal Jaia antolatzen. 1981ean lehenengo aldiz artisauen erakusketa antolatu zenetik, ez du etenik izan. Azken urteetan landa eremuko gai ezberdinen monografikoak egin dituzte, alderdi etnografiako landu eta transmisioa bultzatu asmoz.
Aurtengo goizeko Euskal Jaia iazkoaren jarraipena izango da. Basoko lanak izango ditu oinarri. Iaz, garai bateko baserritarrek su egurrak basotik ateratzeko egiten zuten prozesua landu zuten, aurten, aldiz, eraikuntzaren adarrari heldu diote. Lekaio kultur elkartea eta Urretxuko eta Zumarragako baserritar talde bat dira goizeko Euskal Jaia antolatzeaz arduratzen direnak.
Ertzillegi basoko altxorra
Basogintzaren gaia lantzeko «baso berezia» hartu dute aintzat, Lekaioko Xabi Lasak esan duenez. Gerra eta Beain baserrien artean dagoen Ertzillegi basoa, hain zuzen. «Gipuzkoan dauden zuhaitz mota ia guztien laginak aurkitu daitezke bertan. Berez etorritakoa da, gizakiak ez du eskurik sartu bertan», zehaztu du.
Garai batean basoarekin zegoen harremana gaurkoa baino «estuagoa» zen, eta ezagutza maila ere handiagoa zen. «Zuhaitzak negu inguruan botatzen ziren, izerdirik botatzen ez dutenean. Dena den, abuztuaren amaiera aldera izerdiak beherantz egiten duenean ere botatzen hastea komeni izaten zen». Batzuetan, arbolak osorik beharrean adarrak mozten zitzaizkien, eta horretarako garrantzia handia zuen ilargiak: «Hosto zabal eta handikoak ilbeheran mozten ziren, eta hosto biribilekoak ilberrian».
Pagoa izaten zen su egurretarako zuhaitz preziatuena, «surik goxoena egiten duelako». Su egurren errautsa arropa zuritzeko ere erabiltzen zen. Eraikuntzarako, berriz, gaztaina eta haritza ziren erabilienak, baita «lizarra, urkia, hurritza eta pagoa ere».
Zuhaitzak botatzea
Eraikuntzarako hezurduretako habeak «aizkora eta opa-aitzurra» erabiliz egiten ziren; eskuz lantzen ziren. Ezinbestekoa zen arbola zegokion garaian botatzea «hala egin ez balute ez lukete eraikin horiek gaur egunera arte iraungo. Ondo aztertutako lanaren emaitza zen eraikinen gainean egiten zena».
Helburuak agintzen zuen basoan. Egurrari eman behar zitzaioen erabilpenaren arabera, zuhaitz mota bat edo bestea aukeratzen zen. Botatzerako orduan «epaiak —aizkorarekin emandako lehenago kolpeak— erabakitzen zuen norantz eroriko zen». Gero, gurdiz edo nardaia edo txinga erabiliz ateratzen zituzten egur zatiak basotik. Hilaren 18an erakusketa izango da Gernikako Arbolan.