Lehenengo liburua kaleratu du Koldo Gutierrezek (Beasain, 1987): 'Todo recogido entre piel'. Poesia liburua da. Lau ataletan banatuta, 67 olerki idatzi ditu. Sentimenduen bilduma egin du.Lehenengo liburua argitaratu du. Zerk bultzatu zaitu idaztera?Tod...

Argazkia: Noemi Rivera
Lehenengo liburua kaleratu du Koldo Gutierrezek (Beasain, 1987):
Todo recogido entre piel. Poesia liburua da. Lau ataletan banatuta, 67 olerki idatzi ditu. Sentimenduen bilduma egin du.
Lehenengo liburua argitaratu du. Zerk bultzatu zaitu idaztera?
Todo recogido entre piel nire lehenengo liburua da, bai. Txikitatik artea gustatu zait, eta 21 urterekin idazten hasi nintzen, terapia modura. Batzuetan beha- rrezkoa da distantzia hartzea eguneroko gauzekin. Idazteak distantzia hori ematen zidan eta, aldi berean, bizitza hobeto ulertzeko aukera ere lortzen nuen. Holaxe, pixkanaka-pixkanaka idazten jarraitu nuen eta liburu bat osatzeko materialarekin topatu nintzen azkenean. Azkeneko pausua argitaratzea erabakitzea izan zen, eta benetan ez zen izan pausorik errazena.
Poesia generoa aukeratu duzu. Zergatik?
Naturalki sortzen zait. Gainera, idazten hasi nintzenean ni nintzen irakurle bakarra. Eta idazle bezala, labur eta zorrotz izatea nuen helburu. Deskripzioak eta horrelakoak ez ziren nire lanaren parte. Poesia da genero hoberena mezu laburrak eta zorrotzak igortzeko.
Maitasuna, desengainua, beldurra, bakardadea, sexua, heldutasuna… gaiak aukeratu dituzu. Sentimendu horiek adierazten biluztu egin zara? Zure bizitzaren islada da?
Oro har aztertzen ditudan sentimenduek nire bizitzan dute oinarria, baina fantasia eta ahaztutakoaren asmakizunak ere bizi dira liburu honetan. Bizitza interesgarria daukadala uste dut, baina ez 29 urterekin biografia bat izateko modukoa.
Izenburuarekin, Todo recogido entre piel, zer adierazi nahi izan duzu?
Azala da sentimenduak eta errealitate hutsaren azkeneko muga. Poema liburu honek hainbat sentimendu lantzen ditu. Horregatik erabaki nuen
Todo recogido entre piel, nahiko izenburu grafikoa zelako. Aldi berean, izenburua olerki baten bertso bat da. Izenburu desberdinak pentsatu nituen baina hau aberatsena iruditu zitzaidan. Pozik nago erabakiarekin.
Zenbat poesia idatzi dituzu?
67 olerki 4 atal desberdinetan banatuta. Atal bakoitzak sentimendu familia desberdinak irudikatzen ditu.
Non eros daiteke liburua?
Beasainen Mirentxu liburudendan (Pergoletan) dago liburua salmentan. Kanpoan ere eros daiteke: Zumarragan Urki liburudendan, eta Legazpin Apatxon. Hiriburuetan ere aurki daiteke liburua: Donostian Libreria Donosti, Libreria Lagun eta Garoan daude aleak saltzeko. Bilbon Libreria Camara, Libreria Anti eta Libreria Kai-en, Gasteizen Jakintza liburudendan, Libreria Ayala eta Mara-Mara liburudendan, eta Madrilen Libreria Berkana eta Nakama liburudendan. Amazonen ere badago liburua salgai, bai bertsio fisikoan eta baita elektronikoan ere.
Zure curriculuma irakurrita, ez zara geldirik egoteko mutila. Zertan ari zara momentu honetan?
Bidaiatzea gustuko dut, eta bidaiatzen jarraitzea gustatuko litzateke. Oraintxe bertan liburua promozionatzen ari naiz. Irakurleei liburua gustatzen ari zaie, pozik daude eta iritzi nahiko berdintsua daukate denek. Horrek energia eta konfiantza ematen dit liburuaren hurrengo pau-soak emateko. Ez dakit liburu hau inflexio puntu bat izango den nire bizitza profesionalean ala ez, baina esperantza eta ilusioa daukat inpaktu positiboa izango duela. Pertsonalki, liburua argitaratzea jada positiboa izan da.
Atzerrian asko ibili zara.
Bai, lau kontinentetan izan naiz lanean edo ikasten. Bidaiatzea asko gustatzen zait, eta espero dut bidaiatzen jarraitzeko aukera izatea urte askotarako. Nire ustez, bidaiak izan dira nire nortasuna modelatzeko indar inportanteenak, eta oraindik lan asko daukat egiteko arlo horretan. Bidaiatzen jarraitu behar dut.