Aitor Roman: «Lehen sektorea beti juxtu bizi da, eta dugun lehia desleiala da»
Zazpi urte daramatza Aitor Romanek (Lazkao, 1976) nekazaritza ekologikoko ekoizle gisa. Goierriko kontsumo taldeen hornitzaile ere bada. Ekoizle izateko deia egiten die gazteei.
Noiz erabaki zenuen nekazaritzatik bizitzeko pausoa ematea?
Fraisoron egin nituen ikasketak, orain hamabost urte inguru, eta harrezkero lurrarekin harremana duten lanetan aritu naiz. Lorezain bezala lan egin nuen, baina beti izan dut buruan baserri bat hartu eta baserritik bizitzea. Ataunen bizitzen hamabost urte daramatzat, hasieran kalean, eta orain dela zazpi urte hartu genuen baserria beste lagun batzuekin. Adineko jendea bizi zen, hutsik geratu zen baserria, eta guk hartu genuen. Barandiaran baserria da, baina ahozko hizkeran Baindi deitzen diogu.
Baserria hartu bezain pronto hasi zinen baratzean lanean.
Bai, hartu eta segituan, eta kontsumo taldeekin bost urte daramatzat.
Kontsumo taldeena bada azken urteetan zabaldu den joera bat. Nolakoa izan zen zeregin horretan hasteko prozesua?
Kontsumo taldeen basherri sarea da. Hor gaude 70 kontsumo talde, eta 70 ekoizle gutxi gorabehera, eta familiak mila baino gehiago. Gipuzkoan hiru bat mila pertsonei saltzen dizkiegu barazkiak. Gure aurretik, Beasainen eta Urretxun hasi ziren, eta hurrengo urtean gu sartu ginen Lazkaon eta Ataunen. Astero saski bat banatzen dugu, eta kuota bidez ordaintzen da. Produktuak garaian garaikoak dira, bertakoak eta ekologikoak.
Eta noiztik zara Biolurreko kide?
Baserria hartu genuenean egin nintzen Biolurreko kide, eta basherri sareko kide ere bai. Hasieran ikastaroak-eta egin nituen, eta gero ere bai, beti ikasten eta ikasten.
Produktu ekologikoak ekoizten dituzu. Zigilu bat ere ematen du Ennek kontseiluak. Zein da zure egoera?
Kontsumo taldeak horregatik dira garrantzitsuak: baserrira etortzen dira, nola lan egiten dugun ikusten dute eta konfidantza sortzen du horrek. Nire iritziz, hori da balio duena. Datorren urtean ia Eneek-eko zigilua edukiko dut. Horrek dendetan saltzeko aukera emango dit, zigilu horrek egiaztatuko baitu gure produktuak ekologikoak direla. Oraingoz ez daukat zigilu ofiziala, baina gure ekoizpena ekologikoa da. Kontsumo taldeetan saltzen ez dudana, Goierriko Baratzera eramaten dut.
Barazkiak ekoizten dituzu batez ere?
Bai, batik bat barazkiak, eta garaian garaikoak. Guk urtean berrogei barazki mota ezberdin landatzen ditugu, eta urte guztian edukitzen ditugu. Intxaurrak eta hurrak ere bai, eta sagasti bat ere badaukagu.
Zer moduzko bizimodua da?
Ederra! Lehenengo gauza da gustatu egin behar zaizula lurrarekin lan egitea, eta egiten ari zaren horretan ere sinestu beharra daukazu. Eta oztopoak oztopo, aurrera egin, ez dago besterik! Lehen sektorea beti bizi da juxtu-juxtu, eta daukagun konpetentzia desleiala da. Kanpotik datozen produktuak saltzen dituzte zentro handietan, eta prezioak gureak baino merkeagoak dira. Gure salmenta prezioak Ordiziako azokakoen antzekoak dira, eta hala ere zaila da kanpotik datozen produktu horiekin lehiatzea. Produktu horiek euro batean baldin badaude, eta gureak hiru euroan, jendeak merkeenera jotzeko joera dauka.
«Oraindik ez daukat zigilu ofizialik, baina gure produktuak ekologikoak dira» «Jendea gustura dago, baina uste dut elikadura ohiturak aldatu behar direla»Gizartearen eta kontsumitzaileen kontzientzian eragiteko lana badago oraindik ezta? Gu lan hori egiten ari gara, eta gure lanari eta gure produktuei prezio bat jartzen diegu. Ezingo genuke prezio merkeenen pare jarri. Jendeak informazioa baduela iruditzen zait, eta informatze lan horretan segitu beharra dago, dudarik ez, baina uste dut jendeak elikadurari ez diola behar adinako garrantziarik ematen. Datu bat badago: orain urte gutxi arte soldataren %30 elikadurara bideratzen zen, eta orain ez da %15era iristen. Azoketara joan zalea al zara? Ez. Ordiziako azoka nagusian izan ginen, eta Zeraingo azoka ekologikoan ere egongo gara, baina ez salmentan, basherri sarearen informazioa ematen baizik. Nik urteko planifikazio bat egiten dut, eta badakigunez zenbat jenderentzat ekoitzi beharra daukagun, horretara mugatzen gara, nolabait esateko. Horrek asko laguntzen du. Kontsumo taldekoak beraiek ere ikasi dute urtaro bakoitzean zer produktu izango dituzten. Baina hala ere, Zeraingoaren tankerako azokak garrantzitsuak izango dira zuek bezalako ekoizleentzat? Bai noski, ekoizlearen eta kontsumitzailearen harremana sortzeko aukera ematen dute. Jendeak-eta zer esaten dizue? Jendea gustura dago, baina elikadura ohiturak aldatu behar direla uste dut. Hemen ez dago tomatea urte osoan, eta jendea horrekin konturatu behar da. Zein da kontsumo taldeetako kideen profila? Normalean gure adin moduko jendea izaten da, ume txikiak dituztenak. Profil horretako zenbait jenderengan txip aldaketa hori eman da. Aurten etxean bisitariak izango dituzue, Goierriko nekazaritza hamabostaldiaren barruan zuen etxera bisita antolatu baitute. Eskolatik urtero etortzen dira umeak, eta kalean ere antolatu izan ditugu ikastaroak eta horrelakoak. Hemen egiten duguna gustura erakutsiko diot jendeari. Eta ekoizleen artean zer moduzko harremana duzue? Sei ekoizle gaude Goierrin, eta eskaerak-eta elkarrekin egiten ditugu prezio merkeagoak-eta lortzeko. Ia astero elkartzen gara. Talde hori hor dago, baina uste dut jende gazte gehiago animatu beharko litzatekeela ekoizle izatera, eta baita kontsumitzaile izatera ere. Herri askotan kontsumitzaileek beraiek osatu dute taldea, eta haiek izan dira ekoizlea aurkitu dutenak. Basherri sarearen bidez eta Biolurren bidez jar daiteke harremanetan ekoizleekin. Gaudenok nahikoa daukagu ditugun taldeekin, soldata bat ateratzeko adina. Mugitzea da kontua.