Bigarren oldarra badator
Frankisten begiak eta atzaparrak Goierrirantz zuzendu dira, berriz ere. Abuztuaren hasieran eskualdearen behea erabat menperatu ondoren, eta Donostia hiriburua hartuta, mendebalerako erasoaldiari ekingo ...
Frankisten begiak eta atzaparrak Goierrirantz zuzendu dira, berriz ere. Abuztuaren hasieran eskualdearen behea erabat menperatu ondoren, eta Donostia hiriburua hartuta, mendebalerako erasoaldiari ekingo diote. Errepublikak bi defentsa lerro antolatu ditu Goierri garaian. Erauntsia ahuldu nahian, Ormaiztegiko zubia bota dute.
1936-9-12, larunbata.
Tiro eta bonba hotsak Donostialdean ari dira. Hernani eta inguruko mendietako gotorlekuak hartu nahi dituzte frankistek. Errepublikaren abiazioak bonbakatu ditu airetik, baina kalte handirik eragin gabe. Donostiaren defendatzaileen artean, lehen Irunen borrokatu ziren miliziar boluntario asturiarrak ere badabiltza. Giltzarria da hiriburua.
1936-9-13, igandea.
Donostia konkistatu dute frankistek. Eguerdian hartu dute Gipuzkoako hiriburua, Miracruzetik sartuta Diputazioan bi koloreko Espainiako bandera jarrita. Hernani, Pasaia eta Errenteria hartu dituzte lehenengo. Baita San Markoko eta Santiagomendiko gotorlekuak ere; bezperan huts egin zuten haren aurka, eta 20 soldadu hil ziren.
Donostia hartuta —suntsitu gabe, gainera—, probintziaren erdialde eta ekialde osoa bereganatu dute frankistek. Kostaldetik aurrera egiteko, aise dute bidea. Errepublikar eremuan zeudenen artean, kolpistek hartu duten lehen hiriburua da Donostia. Kemenezko goxokia haientzat, moral kolpe mingarria errepublikarrentzat.
Bien bitartean, Goierrin barealdia dago, militarki behintzat.
1936-9-14, astelehena.
Gipuzkoako Defentsa Batzorde errepublikarra Zumaian elkartu da. Munizio falta eta defendatzaileen animo baxua islatzen du hango aktak. Ebakuazioa justifikatu dute, hargatik.
1936-9-15, asteartea.
Gipuzkoako Kanpainako azkeneko erasoaldia abiatu dute frankistek. Bien bitartean, errepublikarrek Beasaindik Brinkolara antolatu dute defentsa-frentea. Mandubia oraindik euren esku dago, baita Ormaiztegi, Gabiria eta Legazpi ere; eta hortik atzera Ezkio-Itsaso, Zumarraga eta Urretxu. Frankisten alderdian daude, berriz, Zerain, Mutiloa, Segura, Zegama eta Idiazabal.
Frente horretan, Beasainekin lotzen dituen bi errepideak moztuta daude. Ormaiztegitik aurrera, Beasaingo Katea auzoan bukatzen da.
Errepublikarren lerroan, anfiteatro erako posizio abantailatsuak dituzte. Baina defendituak baino gehiago, zainduak daude: «Defendatu ahal izateko armarik ez daukagu, eta etsaiaren edozein saiakera iaiorekin, kito», dio errepublikarren txosten batek.
Lehen lerro horretatik atzerago, bigarren defentsa ilara bat antolatu dute: Beloki eta Irimo mendietatik artileriak Zumarraga defendatzen du. Lubakiak eraiki dituzte, baina gaur-gaurkoz ez dago inor han.
1936-9-16, asteazkena.
Molak tropa frankista berrantolatu du. Beorlegi koronelak Gipuzkoako frentea utzi du, Huescara joateko. Los Arcos teniente koronela jarri du buru. Lehen Beorlegi zutabea zena, Los Arcos zutabea izendatu du.
Tejero taldea (America errejimentua), Perez-Salas taldea (erreketeen Montejurra Tertzioa), Montoya taldea (Lakargo Tertzio erreketea, Mendiko Batailoia eta Falange Española), Becerra taldea (Nafarroako Tertzioa, America errejimentua), Otxoa taldea (Lesakako Tertzioa), Sanchez Molina taldea (America), Troncoso taldea (Falangea), Ramos taldea (Mendiko Batailoia), Mendiko Artileria Taldea eta Errejimentua, eta Metrailadore konpainia bat ditu bere esanetara. 6.000 soldadu inguru.
Indar horiek hirutan bereizita joko dute Gipuzkoako mendebalaren aurkako erasoa, hiru aldetatik: Goierritik (Tejero), Azpeitia aldera Mandubiatik eta Tolosatik (Los Arcos), eta kostaldetik aurrera (Iruretagoiena). Alonso Vegaren taldea, berriz, Arlabandik saiatuko da Deba ibarrera sartzen, Arrasate hartu nahian.
1936-9-17, osteguna.
Tejero kapitainaren taldea —aurrerantzean taldea izango da frankisten armadan unitate operatiboa— Donostiatik Beasainera iritsi da, trenez. Berehala, Ormaiztegirantz jo dute. Hastera doaz borrokak, mendebaleko frentean.
Errepubikarrek Ormaiztegiko zubia behera bota dute, gaur goizean. Frankisten aurrerabidea oztopatu nahi dute.
Ormaiztegin, Tejeroren taldeak Beasain aldetik jo du, eta Seguran bildutako beste zutabe batek goialdetik, Liernin behera etorrita. Tiroketak izan dira, baina errepublikarrek Ormaiztegi utzi behar izan dute. Bainuetxean zeukaten, gaur arte, koartel nagusia.
Ihesean, Alegia eta Santa Lutzia ibarrean gora alde egin dute batzuek; Gabirian gora beste batzuek.
Ormaiztegi hartuta, geratu gabe aurrera jo du Tejeroren taldeak. Errepidez Gabiriara igo dira, eta erresistentziarik gabe hartu dute, jada gaututa, herria. Kanpai joaldia egin dute, ospatzeko. Beste soldadu frankista multzo batek Itsaso eta Ezkio kaskoak hartu ditu, mendiz. Tejerok Ezkion jarri du basea.
1936-9-18, ostirala
Borroka bortitzak izan dira Gabirian. Herrigunea atzo hartu arren, Ardantza eta Madariaga gainetatik Legazpi eta Zumarragarantz abiatu direnean, errepublikarrek frente egin diete. Hainbeste, ezen atzerarazi ere egin dituzten, une batean. Hilerriko gaineraino hurbildu arren, su indar nahikorik ez, eta frankistek tiroka bidali dituzte, berriz.
Egun osoa iraun dute borrokek. Errepublikar miliziano batzuk hil dira, tartean Pablo Silanes gazte ordiziarra (21 urte), JSUren Dragones batailoikoa.
Emilio Molak, bere aldetik, Donostia hartu ondoren, Bilbori ultimatuma eman dio. Airetik paperezko oharrak bota ditu, hiria errenditzeko aginduz. Bizkaia osoa txikitzeko ahalmena zuela ohartarazi die bilbotarrei. Mehatxua aurki beteko du.
Ormaiztegiko Zubi Handia behera, sopletez moztuta
Espainola mendian dago frentea, Ormaiztegin. Frankistek handik tirabidean dute herria. Haiei aurrerabidea oztopatzeko, agintari errepublikarrek tren zubia, 72 urte dituen Zubi Handia botatzea erabaki dute, frankistei trenbidez garraioa eragozteko, puska baterako.
Meatzari asturiar bat bidali dute, dinamita mordo batekin. Lehertzea du asmoa. Ormaiztegiko Frente Popularreko buru Juan Mari Intxaustik uko egin dio, «herria txikitzeko adina» badelako lehergaia. Loiolako santutegiko koartel nagusira joan, eta, ormaiztegiar bezala, zubia botatzea sakrilegioa dela esan die agintariei. Gipuzkoako Defentsa Batzordeko presidente Miguel Amilibiak, ordea, mozteko agindu du. Irailaren 15ean, asteartea, ekin diote lanari.
Eraisketa Eibarko udal arkitekto Urbano Manchobasek zuzendu du, bi ingeniarirekin. Bergarako Labe Garaietako eta Union Cerrajerako bost sopletista ekarri dituzte. Inguruko beste batzuk ere bai, eta Diputazioko obra publikoetako langileak.
Lehenengo aldian ez dute lortu lurreratzea, nahiz eta goitik behera ebaki dute altzairuzko eta errematxezko piztia. Zuzenean moztu dute, eta pieza piezarekin katigatuta, trabatuta goian geratu da. Bigarren saiakeran zeharretara, diagonalean egin dizkiote bi mozketa.
Libratu eta behera erori denean, lurpean sartuta zeuden uraren hodiak lehertu ditu zubi pusketak. Irailaren 17an, frankistak herrian sartu aurretxoan, justu-justuan bukatu dute eraisten. Lierni aldetik erreketeak datoz, Beasaingo Salbatore auzotik, America 1 eta 2 errejimenduetako sei konpainia. Zubiaren burdinaren kontra kankateko hotsa ateratzen dute haien tiroek. Errepublikarrek, Zumarraga gainetik, tren bagoi batzuei jare egin diete, aldapan behera, trenbidetik gora zihoazen frankisten kamioiak harrapatuko ote dituzten.
Ormaiztegi egun hartan hartu, eta berehala ekingo diote frankistek Zubi Handia erabilgarri jartzeari. Lehenik, urriaren 15ean, Mola jeneralak aginduta hiru lagun fusilatu dituzte, hilerriko horman, mozketan aritu izana leporatuta: Antonio Galdos (30 urte) eta Guillermo Martinez (77) oñatiarrak, eta izenik gorde ez den gazte bat. Gau eta egun ariko dira lanean. Mola jeneralak 1937ko otsailaren 1ean inauguratuko du. Ordukoak ditu hormigoi enkofratuzko bost zutoin gehigarriak.
(Elixabete Garmendiaren ‘Ormaiztegiko zubiareneraisketa 1936an’ lanetik. Oarso 2013)