Zerainen 22. azoka ekologikoa egingo dute igandean 10:00etatik 14:00etara. Euskal Herriko 22 ekoizle elkartuko dira bertan. Ekintza osagarriak ere antolatu dituzte
Gero eta gehiago dira produktu ekologikoak kontsumitzen dituzten herritarrak, eta baita produktu ekologikoak ekoizten dituztenak ere. Kontsumitzaileengan gero eta kontzientzia handiagoa ageri da janariak osasunean duen eraginaz eta elikagaiak ekoizteko moduaz. Norabide horretan, produktu ekologikoen eskaintza gero eta handiagoa eta anitzagoa da, eta haziz doan sektorea da.
Zerainen ondotxo ezagutzen dute produktu ekologikoen norabidea eta bilakaera hori nolakoa izan den. Izan ere, 1994. urteaz geroztik, urtero-urtero, irailean, azoka ekologikoaren inguruan biltzen dira kontsumitzaileak eta ekoizleak. Zeraindarrak lehenengok izan ziren azoka ekologikoa antolatzen. Aurten, 22. edizioa antolatu dute Zerain Dezagun Fundazioak, Biolur elkarteak (Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Elkartea) eta Goierriko Baratzak elkarlanean.
Azoka hazten ari da gainera: egun bateko eta herri bateko aldarrikapena izatetik, Goierriko Hamabostaldi Ekologikoarekin, hamabost egunera eta herri gehiagotara zabaldu da ekoizpen ekologikoaren gaia.
Harreman zuzena
Azoka ekologikoak gune garrantzitsuak izaten dira, kontsumitzaileak eta ekoizleak aurrez aurre, zuzeneko harremanean jartzen dituelako. «Ekoizleak zein kontsumitzaileak elkar ezagutzeko eta salmenta bide berriak eta zuzenak sutatzeko aukera paregabea izaten da azoka», diote Biolurreko kideek.
Horrekin batera, nekazaritza ekologikoa ezagutzera emateko ezinbesteko erakusleihoa da: «Bertatik eratorritako produktuen erabilera normalizatzeko gune garrantzitsuak dira», gaineratu dute. Hortik harago, Biolurren ustez, «ekoizpen ekologikoak bide eta alternatiba berriak ireki ahal dizkio herrietako landa garapenari».
Euskal Herriko produktuak
Euskal Herrian nekazaritza ekologikoa lantzen duten 22 ekoizle elkartuko dira igande goizean Zerainen, 10:00etatik 14:00etara. Produktu guztiak ekoizpen ekologikoaren arauen arabera ekoiztuak dira. Saskia betetzeko produktu sorta handia jarriko dute Zeraingo plazako postuetan: edariak, gozogintza, barazkia, txerrikia, ogia, gaztak, haragia, pasta, olioa, fruta…
Saltzaileen artean, bost goierritarrak izango dira: Urretxuko Aikur eztia, Ezkio-Itsasoko Goiti ogia eta Hariztizabalgo ogia eta sagarrak, Idiazabalgo Josu Baezen behi gazta, eta Goierriko Goieko haragia. Erosleen artean, produktu ekologikoekin osatutako bi saski zozkatuko dituzte. Informazio mahaiak ere jarriko dituzte Kontsumo taldeen ekoizleek, EH Kolektiboak, Goienerrek eta Biolurrek.
Azoka baino gehiago
Dena den, azoka huts bat baino gehiago da Zeraingoa. Umeentzako gailetak egiteko tailerra, Goierriko artisauak (keramika, makilak, tailak, gantxiloa, artilea, kandelak… ) eta pintxo ekologikoak dastatzeko aukera ere izango da. Zeraingo eskolako haurren baratze ekologikoari buruzko erakusketa ere ikusgai izango da. Ohi bezala, antzinako eran, tolarean, sagarren muztioa aterako dute zeraindarrek. Azokara gerturatzen direnek edalontzietan dastatzeko aukera izango dute. Mandioak ere postua jarriko du.
Azkenik, iazkoaren ildotik, sukaldaritza erakustaldia ere egingo du Aramako Ostatuko Ane Otegi sukaldariak. «Iaz Urki Balerdi herritarra aritu zen, baina aurten ezin da etorri. Otegik azokan produktuak erosi eta bertan presatuko ditu», zehaztu du Zeraingo Udalak.
Zerain ezagutzeko aukera
Zeraingo herriaren erakusleihoa ere izango da igandea. Zerain Paisaia Kultural osoa egongo da bisitarien eskura: Burdinaren mendia, Herri museoa eta diaporama, Larraondoko zerrategia eta kartzela. Azokan ere bisita gidatuak egingo dituzte.