EH Bildurentzat "Goierrin egindako galdeketak ariketa demokratiko eredugarriak" izan dira
EH Bilduk hauteskunde kanpainako eskualdeko ekitaldi nagusia egin du gaur Beasainen. Aitzol Cajaraville zumarragarrak eta Maddalen Iriarte zerrendaburuak hartu dute hitza.
Cajaravillek bertako sare industrialaren aldeko politikak bultzatu behar direla adierazi du, politika fiskal eta sozialekin batera Euskal Herria Europan diren herrialde aurreratuenen pare jartzeko aukerak badaudelako.
Ondoren, Maddalen Iriartek hartu du hitza eta Goierriri eta goierritarrei eskerrak emanez hasi du ekitaldia: “Udaberri honetan Goierrin egindako galdeketak ariketa demokratiko eredugarriak izan dira”.
Ildo horretan, herri honek ezin duela egonean jarraitu gogoratu du, “urratsak ematen hasi behar du, ez daukagulako nahikoa lanabes eta instrumentu, herri hau Europako gure tankerako beste herrien pare jartzeko. Bide hori jorratu nahi dugu. Bide hori jarraitu nahi dugu estatu bat izateko. Eta zer den estatu bat izatea? Guk izatea gure gaien inguruan erabakitzeko eskubidea eta gure gaien inguruan gure hautua izateko eskubidea”.
Gai horretan, EAJ eta Ahal Dugurekin akordioa egin eta Madrilen aurrean alde biko adostasuna lortzen saiatzeko prest daude, “baina baldintza batekin: Madrilen ezezkoa jaso ondoren hurrengo pausoak zehaztuta izatea”, azpimarratu du Iriartek.
Berdintasuna
Bide horretan, “gizon eta emakumeen arteko berdintasuna gure politikaren erdian jartzea” nahi du koalizio abertzaleak: “Ezin dugu onartu arlo guztietan, desberdintasunak egotea eta horretan borrokatu behar dugu. Iruditzen zaigulako, gero ikusten diren biolentzia matxista kasu estremoenak azken batean, gainerako guztiaren ondorio direla. Urratsak eman behar ditugu hori ekiditeko. Kasu horiek gertatzen direnerako ere planteamendu batzuk badauzkagu, baina nik uste dut garrantzitsuena bidea egitea, horiek gertatu ez daitezen”.
Eh Bilduk bakegintzan ere aurrera “sendo” egin behar dela azpimarratu du Beasainen. “Sendo egin behar dugu aurrera, zauriak ondo sendatu daitezen. Historia oso egoskorra da eta ondo sendatzen ez diren zauriak berriz kaleratzen direlako”.
Era berean, ilusioa transmititu nahi izan die goierritarrei: “Ilusioa eskertzera nator, jendeak ilusio asko transmititzen didalako, eta ahal dudan neurrian ilusio hori banatzera. Eta esatera lan asko daukagula egiteko, astebete geratzen zaigula eta ditugun onenak eman behar ditugula aste honetan inguruko guztiak gure ilusiora ekartzeko.