Goierri Gorriko Euskal Ligako taldeak bihar jokatuko du lehenengo partida
Nesken futbola sustatu eta egonkortu nahi du klub berriak: 180 jokalarirekin eta 9 talderekin hasiko du ibilbidea.
Goierriko Hitza
Goierri
Goierri Gorri taldeak bihar hasiko du lehiaketako ibilbide berria. Euskal Ligako taldeak, Hernaniren aurka jokatuko du denboraldi berriko lehenengo partida, Hernanin (Gipuzkoa).
Nesken futbola bultzatzeko, egonkortzeko eta lehiakor izateko helburuarekin sortu da Goierri Gorri. Bederatzi talderekin eta 180 jokalarirekin hasiko du ibilbide berri: alebinetan 2; infantiletan 3, kadeteetan 2, jubeniletan 1 eta seniorretan 1. Mailaz maila, futbolean jokatu nahi duten Goierriko neskek bermatuta izango dute futbolean jokatuz gozatzeko aukera.
Nortasun propioa duen taldea da: elastiko gorria izango du ikur, armarri berriarekin batera. Elastikoan inprimatutako “bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutirago” leloa goierritarrek bere egitea nahi dute Goierri Klubekoek. Goierritar guztien kluba izatea nahi dute, goierritar guztiak eroso sentituko diren kluba izatea.
Aurkezpen ofiziala
Atzo iluntzean, Goiekiren egoitzan egin zen Goierri Gorri talde berriaren aurkezpena. Realeko nesken taldeko eta Gipuzkoako Federazioko kideak gonbidatu zituzten aurkezpenera.
Realeko Garbiñe Etxeberria “pozik eta harro” zegoen aurkezpenean zegoelako: “Egoera berezi bat da, ilusio handia egiten digu. Egoera polita, aberatsa, baliagarria da batez ere kirolarientzat. Denok aterako gara irabazten. Batez ere, emakumeei begira. Emandako pausoa handia da. Reala ere gustura dago, behar duzuen guztietarako gertu egongo gara, esku bat botatzeko prest”. Momentu “historikoa” dela gaineratu zuen: “Zuek egindakoa izan dadila beste batzuentzat eredu”.
Gemma Urteaga bertsolariak eta Tolosako futbol entrenatzaileak botatako bertsoarekin amaitu zen aurkezpena.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.