Bederatzigarren urtez antolatu dute Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldia .Lau hitzaldi, bi tailer eta bi ikastaro egingo dituzte, irailaren 20tik urriaren 1era
Nekazaritza Ekologikoaren Azokaren eskaintza osatzeko asmoz, duela bederatzi urte hainbat ekitaldi antolatzen hasi ziren, Biolur elkartearekin eta Goierriko Baratzarekin elkarlanean. Hala sortu zen Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldia. Aurten bederatzigarren urtea beteko du hamabostaldi horrek, eta aurreko edizioetan bezala, hainbat hitzaldi, ikastaro eta jardunaldi izango dira, irailaren 20tik urriaren 1era.
Osasunaren eta elikaduraren arloko saioak dira gehienak, eta «herritarren sentsibilizazioa» bilatzea dute helburu. Hasieran Goierriko Baratza dendaren ekimenez «modu informalean» antolatu ziren saio batzuk, baina urteen poderioz, forma hartuz eta gero eta herri gehiagotara zabalduz joan dira.
Hala, hamabostaldiaren barruan, hitzaldiez gain, Goierriko hiru baserritara bisita gidatuak egingo dituzte, baratzeak, gazta eta ogia modu ekologikoan nola ekoizten diren ikusteko. Aurrena, hilaren 22an, Idiazabalgo Arimasagasti-berri baserrira joango dira, gaztaren prozesua ezagutzera. Hilaren 29an berriz, Ataungo Baindi baserrira egingo dute bisita, baratzezaintza ekologikoaz hitz egiteko. Azkenik, urriaren 1ean, ogi ekologikoa egiteko prozesua ezugutuko dute, Ezkio-Itsasoko Hariztizabal baserrian. Hiru saio horiek doakoak izango dira, baina izena aurrez eman behar da, Goierriko Baratza dendan edo 943 08 74 98 telefono zenbakira deituta.
Osasunaren jardunaldia
Hamabostaldi horretako saio nagusia, hilaren 24rako antolatu duten Osasunaren Aldeko Jardunaldia da. Ordiziako D’Elikatuz zentroan egingo dute. Bertan, hiru adituk, gemoterapiaz, sendabelarrez, elikadura industrialaren kalteez eta elikadura osasungarriaren onurez hitz egingo dute, goiz osoko saioan.