Ampo Ordiziak ezin izan dio Alcobendasen erasoari eutsi
Taldeak izan dituen aldaketa guztien ondoren, denboraldia garaipen batekin hastea espero zuten zaleek, baina Sanitas Alcobendas taldea, uste baino indartsuago etorri zen, eta etxekoei kosta egin zitzaien neurria hartzea. Madrildarrek 0-6ko partziala egin zuten lehen minutuetan, eta etxekoak 3-6 gerturatu baziren ere, lehen zatia amaitzerako 6-14koa zen emaitza.
Bigarren zatian ere, beste horrenbeste; etxekoak berpiztu eta 2 tantora gerturatu ziren markagailuan (15-17), baina zailena eginda zegoela zirudienean, Alcobendasek bi kolpe gauzatu eta aldea handitu zuren berriz ere. Azkenean, ordiziarrek 15-23 galdu zuten Madrilgo taldearen kontra. Taldeak hala ere, itxura ona eman zuen zelaian, eta gogor saiatu zen partida osoan zehar. Partidaren amaieran, Alcobendasek zorionak eman zizkien ordiziarrei, “bukaerara arte etsi gabe” aritu zirelako.
Sailkapenean 9. postuan gelditu dira, lehen jardunaldian galdu duten lau taldeen artean, average onena duena baita Ampo Ordizia.