Igartza Igeriketa Taldeko eta Txindoki TM enpresako ordezkariak, aurkezpenean. // Arg: Juantxo Unanua
Beasaingo Igartza Igeriketa Taldeak asmoz eta ilusioz beteta ekin dio denboraldi berriari. Batetik, klubak babeslea lortu du; eta bestetik, taldean izena emateko epea zabaldu dute, aurten, ehun igerilari izatea lortu nahi dute. Dagoeneko irekita dago taldean izena emateko epea.
Talleres Mecanicos Txindoki enpresak babestuko du igeriketa taldea, eta hala, taldearen izen ofiziala Igartza-Txindoki TM izatera pasako da. Klubeko arduradunen esanetan, laguntza horrek “berebiziko garrantzia” du taldearentzat.
Urtez urte igotzen ari da Igartza Igeriketa Taldeko haur eta gaztetxoen kopurua, eta aurten, ehun laguneko muga gainditzea dute helburu. Gaur egun, 7 eta 18 urte arteko 80 igerilari dituzte. Kopuru hori zabaltzeko asmoz, 6-7 urtekoek ere badute izena emateko aukera. Taldean parte hartu nahi dutenek, Antzizar kiroldegira joan behar dute, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik aurrera.