Astean behin, taldean ibiltzeko aukera emango du Lazkao Pausoka ekimenak
Ariketa fisikoa egiteko edo ibiltzeko ohiturarik ez duten herritar guztiei zuzenduta, Lazkao Pausoka ekimena sortu dute Lazkaoko hainbat erakundek eta elkartek. Astean behin elkartu, eta herrigunean bertan ibilalditxoak egitea da helburua. Batez ere 65 urtetik gorako pertsonekin pentsatuta dago, baina edonork parte har dezake. Gaur goizean aurkeztu dute, eta urriaren 11n hasiko da.
Astearteetan 10:30ean plazan elkartuko dira. Izena eman behar da, eta bakoitzak fitxa bat jasoko du, egun bakoitzean zigilatuko diotena. Eskola-kurtsoak dirauen bitartean (urriaren 11tik ekainaren 20ra), astero izango da ibilaldia. Sei bide markatu dituzte plano-liburuxkan: 600 metro motzena, 4 kilometrokoa luzeena. Bi bira emango dituzte, aldiko.
Ibiltzeko ohiturarik ez dutenak animatzea da helburua, taldearen anparoan. Orobione jubilatu elkartean bukatuko da normalean, baina hilean behin Txindoki egoitzan, hango egoiliarrak ere irtengo direlako orduan, San Benito iksatolako gazteek lagunduta.
Lazkaoko Udalarekin batera, Txindoki egoitzak, Orobione, Azki eta Nagusilan elkarteek, San Benito ikastolak eta Osakidetzaren herriko anbulatorioak ere parte hartuko dute.