Itsaso Gipuzkoako 89. udalerria izango da urtea amaitu baino lehen
Berriro udalerri izan nahi dutela erabaki dute itsasoarrek herri galdeketan. Botoen %74 baiezkoak izan dira. Aldundiak Gabonen aurretik onartuko du bereizketarako dekretua
Itsasoarrek adierazi dute haien nahia: berriro ere udalerri izan nahi dute. Igandeko herri galdeketan 140 lagun zeuden botoa ematera deituak, eta 119 lagunek eman zuten botoa. Galdera honi erantzun zioten herritarrek: «Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea?». Baiezko botoa eman zuten 88 lagunek, ezezkoa 26 lagunek, lau boto zuri izan ziren, eta bat baliogabea. Urtea amaitzerako, Gipuzkoako 89. udalerria izango da Itsaso.
Imanol Lasa Aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuaren hitzetan, Gobernu Kontseiluak Gabonen aurretik onartuko du Itsasok herri izaera berreskuratzeko foru dekretua. «Balorazio positiboa egiten dugu, dena ondo joan delako, eta urtetako lanaren ondoren herritarrek beraien nahia adieraziz itxi dutelako prozesua; guk borondate hori errespetatuko dugu, hasieratik esan dugun moduan», adierazi du Lasak. Igande goizean Itsason izan zen Lasa, galdeketari babesa erakusten.
Dekretua onartzen denean, Ezkio eta Itsaso bakoitza bere aldetik funtzionatzen hasiko dira. Garikoitz Aiesta Ezkioko alkatea izango da, bera itsasoarra izan arren, eta Itsason batzorde kudeatzaile bat jarriko dute martxan 2019ko udal hauteskundeak gauzatu arte. Batzorde horrek bost kide izango ditu. Itsaso Bherria talde eragileko Pilare Muxikak azaldu du herritarren artean batzarra egingo dutela, batzordeko kideak aukeratzeko modua erabakitzeko. «Itsasoarrek lehendik ere badugu esperientzia parte hartze prozesuetan, eta hau ere herritarren parte hartzearekin erabakiko dugu».
«Herritarrek beren nahia adierazi dute, eta borondate hori errespetatuko dugu» Imanol Lasa (Diputatua) «Parte hartzea txalotzekoa izan da, eta argi geratu da itsasoarren iritzia» Garikoitz Aiesta (Alkatea) «Oinarri demokratiko bat izateko, iritzia eman ahal izatea oso garrantzitsua da» Pilare Muxika (Itsaso Bherria talde eragilea)%85eko parte hartzea Aiesta «lasaituta» agertu da galdeketaren biharamunean, dena ondo joan delako. Parte hartze altua nabarmendu du, %85ekoa. «Udaletxean espero genuena baino altuagoa izan da parte hartzea, erabat txalotzekoa, eta argi geratu da itsasoarren iritzia». Aiestak ez zuen botorik eman, aukera izan arren. «Senak hala eskatu zidan; ez zen nire eguna, itsasoarrena baizik». Azkenik, udalak eta herritarrek erabakitzeko eskubidean sinesten dutela adierazi du, eta horregatik egin dutela beti kontsultaren alde, arazoak izango zirela jakin arren. Itsaso Bherria talde eragilea ere gustura agertu da emaitzarekin. «Baiezko garbia atera da», adierazi du Gorka Sasietak. Muxikak, berriz, nabarmendu du emaitzak emaitza, iritzia emateko eskubidea gauzatu izana dela benetan baloratu beharrekoa. «Oinarri demokratiko bat izateko, oso garrantzitsua da bakoitzak bere iritzia eman ahal izatea», adierazi du. Boto zenbaketara hainbat itsasoar gerturatu ziren, eta hunkituta jaso zuten askok emaitzaren berri. Txalo zaparrada eta besarkadak izan ziren botoak kontatzen amaitu bezain pronto. Gero, etxafuegoak bota zituzten, eta Ostatuan jarraitu zuten ospakizunarekin.
Francoren garaian elkartu zituzten Ezkio eta Itsaso Ezkio eta Itsaso 1964. urtean elkartu zituzten, Francoren diktadurapean. 2003ko foru arauaren arabera, udalerri bat bereizteko baldintza da sortzen den udalerri bakoitzak gutxienez 2.500 biztanle izan behar dituela. Ezkio Itsasok ez du baldintza hori betetzen, ez Ezkio eta ez Itsaso ez direlako 2.500 biztanlera iristen. 2003ko foru arauak, ordea, badu salbuespen bat: Francoren diktadurapean elkartutako herriei ez zaie baldintza hori eskatzen. Ezkioren eta Itsasoren kasua horixe denez, legeak onartzen du bereizketa. Itsasoarrek 2014an eman zioten hasiera desanexio espedienteari, herritarren 102 sinadura bilduta —prozedura hasteko nahikoa ziren 68 sinadura—. Itsasoarrek, ezkiotarrek eta udalak elkarlanean eraman dute aurrera bereizketa prozesua, eta elkarren artean adostu dituzte baldintzak. Gauzak bere bidetik badoaz, datorren urtean Goierrik udalerri bat gehiago izango du, 23.Albiste honekin lotuta:












