Ion Izagirre eta Jon Ander Intsausti Bahrain-Merida taldetik gertu
Egoitza ofiziala arabiar emirerrietan duen Bahrain-Merida klubak talde indartsua osatu nahi du datorren denboraldirako, eta hainbat fitxaketa iragarri ditu. Tartean, bi goierritar leudeke: orain arte Euskaltel eta Movistar taldeetan aritu den Ion Izagirre ormaiztegiarra, eta Murias taldea utzita joango den Jon Ander Intsausti mutiloarra.
Izagirrek Eneco Tour lasterketan ari da egunotan, oraindik ere Movistar taldearekin. Iaz denboraldi bikaina osatu zuen, eta UCI WorldTourreko 12. postuan bukatu zuen. Hainbat iturrik zabaldu dutenaren arabera, ormaiztegiarrak bi denboralditarako sinatuko luke Bahrain-Merida talde berriarekin.
Izagirrerekin batera, beste goierritar bat ere joango da Bahrainera: Ionen lehengusua den Jon Ander Intsausti. Jauzi handia emango luke mutiloarrak, eta izen handiz betetako talde batean bere lekua bilatu beharko luke. Izan ere, talde berrian Vincenzo Nivali eta Giovanni Visconti bezalako txirrindulari handiak izango dira. Arlo teknikoan berriz, Johnny eta Alex Carrera anaiak eta Giovanni Lombardi leudeke, besteak beste, proiektu berri honen atzean.