Jatorri ezberdinetako legazpiarren artean sareak josi nahi ditu Oripavik
Urriaren 1ean kulturarteko festa egingo dute Legazpiko plazan. Bizirik bizi sareak zabalduz da aurtengo leloa. Egun osoko egitaraua prestatu dute, haur eta helduentzat
Legazpiko Oripavi elkarteak kulturarteko eguna antolatu du urriaren 1erako. Bosgarren urtez antolatu dute, eta aurtengo leloa hauxe izango da: Bizirik bizi sareak zabalduz. Legazpiko plazan egingo da, eta egun osorako egitaraua prestatu dute. Azoka, tailerrak, puzgarriak, erakusketa, dantza eta musika izango dira, besteak beste.
Gentzane Arruabarrena Oripaviko kideak azaldu duenez, Legazpin 35 nazionalitate ezberdinetako jendea bizi da. «Ikusarazi nahi dugu beraiek ere Legazpikoak direla; jai baten bidez ikusarazi nahi dugu haiek ere badutela leku bat herrian», adierazi du. Arruabarrenaren ustez beharrezkoa da jendeak ikustea posible dela jatorri ezberdinetako jendearen arteko elkarbizitza. «Guk proiektu horretan sinesten dugu».
Ane Arrondo Oripaviko ki-deak, berriz, jendea animatu du urriaren 1eko kulturarteko egunera gerturatzera. «Horrelako ekintzek begirada apur bat irekitzeko balio dute; beste jatorri bateko jendearekin egoteak asko aportatu dezake».
Antolatzaileek Bizitakoak jarduera nabarmendu dute. Hainbat etorkinek beren esperientzia kontatuko dute, eta Legazpira nola iritsi ziren azalduko dute.
Bestalde, goizeko azokan 25 postu izango dira: sei gastronomiko (txinatarra, marokoarra, senegaldarra, Telleriarteko talogileak…), artisautzako hamabi eta informazioa ematen, zazpi. Bertan, modakutxoa jateko aukera izango da, eta errifak ere salduko dituzte dirua biltzeko.
EGITARAUA:
Urriak 1, larunbata: · Egun osoan zehar. Errikarte Agirreren argazki erakusketa. · 11:00-14:00. Kultur arteko azoka: artisautza, gastronomia eta informazio postuak. · 12:00-14:00. Bizitakoa. Legazpira nola iritsi den kontatuko du bakoitzak. · 12:30-14:00. Haurrentzat puzgarriak eta jolasak. · 14:30-15:30. Atazal taldearen kontzertu akustikoa. · 16:30-18:00. Munduko dantzak. · 16:30-18:00. Jolas kooperati-boak haur eta gurasoentzat, eta piñata jokoa.












