Ilun aroa hasi da
Bi egun aurretik hasitako behin betiko erasoa irailaren 19tik 21era gauzatu dute frankistek: Goierri osoa hartu, eta Debagoienera sartu dira. Urretxu bonbakatu, eta ...
Bi egun aurretik hasitako behin betiko erasoa irailaren 19tik 21era gauzatu dute frankistek: Goierri osoa hartu, eta Debagoienera sartu dira. Urretxu bonbakatu, eta hildako ugari utzi dituzte Zumarragan eta Legazpin ere. Gerra, teknikoki, bukatu da Goierrin. Goierritarrentzat ez —milaka joan dira borrokara edo ihesi—, ezta biktima eta errepresaliatuentzat ere.
1936-9-19, larunbata
Gerra gordina, hirugarren egunez jarraian, Goierrin. Aktibitate handia izan da, baina Gipuzkoa hegoaldeko defentsa-sektorea erori da. Frankistek erabat gainditu dute Ernio-Mandubia lerroa. Azpeitia-Azkoitiarako bidea libre geratu zaie. Zumarragan, errepublikazaleek isolatuta geratzeko arriskua dute.
Perez Salasen Taldeak jo du Salbatoretik Mandubiara. Arriaran, Garin eta Astigarreta arazorik gabe hartu ditu, baina erresistentzia aurkitu du goialdean: errepublikarrek kanoi bat daukate Mandubian. Frankistak, beren artilleriak babestuta, Beizamara iritsi dira.
Tejeroren Taldeak, berriz, Ormaiztegi, Gabiria eta Ezkio atzo ziurtatu zituen, herenegun sartu eta gero. Ezkion jarri du aginte-postua. Gabiriatik Legazpira sartu da, eta berehala hartu du. Ormaiztegitik eta Ezkio aldetik, Zumarraga du jo-puntuan.
Beloki mendian bildu dute errepublikarrek indarra. Kanoiak dituzte, Santa Lutzia ibarrera apuntatuta. Frankistek asaltoan hartu dituzte.
Hirugarren eraso-zutabea, Los Arcosena, hegoaldetik aurreratu da. Aztiriatik Telleriarte eta Brinkola hartu ditu, Tejerorekin Legazpin bat egiteko. Tenaza erako mugimendua borobil atera zaie.
Gaurko ekintza militarrek berebiziko garrantzia dute. Frentea Ernio-Errezil-Goiatz-Beizama-San Gregorio-Izkiza-Beloki-Eitzaga-Legazpi-Telleriarte-Brinkola-Zegama lerrora aurreratu da.
1936-9-20, igandea
Tejeroren taldeak Zumarraga eta Urretxu hartu ditu. Geratu gabe Deskargara jarraitu du. Zumarragan atxilotutakoak Belokiko gurutzean fusilatu dituzte.
Perez Salas Urrestillara iritsi da; Azpeitia eta Azkoitia gaur bertan konkistatu ditu. Saleta Oñatira sartu da. Los Arcos komandantearen taldea Debagoienean sartu da, dagoeneko.
Udana gainean borrokak izan dira. Oñatitik milizianoz eta gudariz beteta kamioi bat iritsi da. Erreketeak agertu direnean, tiroketa hasi da. Gehienek ihes egin dute, baina Julian Perez legazpiarra (20 urte) harrapatu eta bertan fusilatu, aita Gaudencio Legazpiko falangisten burua den arren; batzuek diote Julian EAJkoa zela, beste batzuek miliziano ezkertiarra.
Frentea Azkoitia-Deskarga-Oñati-Zegama lerroan geratu da, egunaren bukaeran.
1936-9-21, astelehena
Tejeroren Taldeak Antzuola hartu du, Deskargatik behera. Geroago, Bergara. Operazioen egunerokoan, «harrera gartsua» egin dietela idatzi du militarrak. Donostian ateratzen duten Unidad egunkari falangistak, aldiz, zera idatziko du: «Bizilagun gutxi Bergaran. Edo gehienek ihes egin dute, gehienak etsaiak direlako, edo etxearen azken zokoan ezkutaturik daude. Kalexketan bakardade beldurgarria dago». Goierri erretaguardian daukate jada frankistek, eraso-zutabe horretan ere. Menperatu dute guztiz eskualdeko lurra.
Beste taldeek ere aurrera jo dute. Perez Salasek bakarrik egin du topo erresistentziarekin, Azkoitia-Elgoibar bitarteko Azkarate gainean. Elgoibar defendatzen aritu diren indar errepublikarrak, baita Goierritik alde egin duten boluntario asko ere, Eibarrera bildu dira.
1936-9-22, asteartea
Goierri galdu ondoren, eta behin Gipuzkoa ebakuatuta, Errepublika garaiko udalak herriz kanpo eratu dituzte, batez ere Bizkaian. Ihes egindako errefuxiatuei laguntzeko helburua du, lehen-lehenik.
Euzkadi egunkariak argitaratu du zein udalek non jarri duen egoitza. Goierrikoei dagokienez, Zumarragako Udal errepublikarra Bilbon kokatu dute, baita Urretxuko Udala ere. Beasaingo Udala Algortan (Getxo) jarri dute.
Goierri Garaian, indar okupatzaileek orain arteko udal legitimoen ordezkoak eta alkate berriak izendatu ditu. Legazpin, adibidez, Jose Etxeberria Agirre izendatu dute alkate, Patricio Etxeberriaren semea. Haren fabrika, militarizatuta, gerrarako materiala ekoizten hasi da.
1936-9-23, asteazkena
Milaka gazte eramango dituzte frankistek, soladutzako-kintetatik deituta, Molaren armada. Legazpitik, esate baterako, 100 eramango dituzte, gerra bukatu arte, altxatuen tropetara. Zazpi hilko dira.
Goierrin gauza asko aldatuko dira, denbora gutxian: ikurrina desagerrarazi eta jazarriko dute; kale-izenak aldatuko dituzte, fusilaketek jarraituko dute, baita isunek, kargugabetzeek eta mehatxuek ere; garaitu dituzten guztiak, erregimen faxista berria sustengatzera behartuko dituzte; umeei euskal izenak jartzea debekatu…
1936-9-25, ostirala
Molak Bilbo eta Durango bonbardatu ditu, airetik. Biharko, Debagoienean Elgeta bakarrik geratuko da gudarien esku. Beasaindik Elgetara arteko 32 kilometroak hartzen 9 egun iraun dute. Bilbo hartzea dute frankistek helburu. Elgetatik Bilborako 48 kilometroak egiten 9 hilabete beharko dituzte, ordea. Euskal Armadak bidea ez die erraz eta merke jarriko.
Zazpi hobi komun daude Goierrin eta muga inguruan
Beasainen 1950eko hamarkada bukaeran ireki zuten gerrako hobi komun bat; Erorien Haranera eraman zituzten gorpuzkiak. Zaldibian, 2002ko urriaren 9an ireki zuten, fusilatutako bi lagunen aztarnak aterata.
Eskualdean, ordea, beste lau hobi daude. Zumarragan, Beloki mendiko gurutzetik gertu (2 pertsona lurperatuta). Ataun Aiako hilerrian, gutxienez 7 leudeke, Paizabalen eta Lizarrustiko errepide bazterrean fusilatuak.
Idiazabalen, Etzegarateko ‘errebuelta txikian’, bat. Eta Altsasurantz, N-1eko 401. kilometroan, beste bat. Deskargan, beste bat…