Maixabel Valhondo: «Sentimendu txarrei irtenbide bat ematen diet artearen bidez»
Bihartik urriaren 6ra, Maixabel Valhondo legazpiarraren (1991) lanak ikusgai izango dira kultur etxean. Pintura, marrazkia zein eskultura lantzen ditu. Autoerretratuak eta birjinak margotzen ditu gehienbat.Zein izan da zure ibilbide artistikoa?Txikitat...
Bihartik urriaren 6ra, Maixabel Valhondo legazpiarraren (1991) lanak ikusgai izango dira kultur etxean. Pintura, marrazkia zein eskultura lantzen ditu. Autoerretratuak eta birjinak margotzen ditu gehienbat.
Zein izan da zure ibilbide artistikoa?
Txikitatik joan izan naiz pintura eskoletara Legazpin. Artea beti gustatu izan zait. Lau urtez Bilbon egon nintzen arte ederrak ikasten. Han, pinturan eta grabatuetan espezializatu nintzen. Gero, Madrilera joan nintzen master bat egitera: jantzitegiaren diseinua telebistarako, zinemarako eta telebistarako. Bi urtez egon naiz Madrilen. Azkeneneko urtean praktikak egiten egon naiz, jantzitegia diseinatzen, antzerkirako eta operarako. Julian Fuentes antzerki zuzendariarentzat aritu gara lanean; aurten Max saria jaso du. Oso esperientzia ona izan da eta asko ikasi dut. Orain Legazpira bueltatu naiz, baina urrian berriro ere Bilbora joango naiz.
Zein arte mota egiten duzu?
Pintura, marrazketa eta figurinismoa egin izan ditut. Eta eskultura apur bat ere bai, baina gutxiago. Nire erreferentzia artistikoa Jenny Saville margolari ingelesa da. Harengan inspiratzen naiz.
Zerk osatzen du Legazpin jarriko duzun erakusketa?
Nahasketa bat da, orain arte egin dudan guztiarena. Pintura ekarri dut, marrazkiak, eskultura…
Zure koadro gehienak autoerretratuak dira. Zergatik?
Bai, sei autoerretratuko serie bat ekarri dut; nire gradu amaierako lanerako egin nituen. Koadro espresionistak dira, nire ustez. Etapa txar bat pasa nuen, eta autoerretratu horien bidez atera nuen kanpora. Nahiko koadro handiak dira; gehiago gustatzen zait tamaina handian margotzea.
Birjinak ere marrazten dituzu.
Erretaulak eta birjinak marrazten ditut, nire modura. Birjinak irudikatzeko, antiforma erabiltzen dut. Askok nire aurpegia dute. Hori ohituragatik da. Bestalde, titi bistan margotzen ditut, beti tapa tapa eginda irudikatzen baitira.
Egin duzu erakusketarik aurretik?
Taldekako erakusketetan parte hartu izan dut, Bilbon, Madrilen eta Burgosen. Baina hau da nik bakarrik egiten dudan lehen erakusketa.
Zer esan nahi du zuretzat zure jaioterrian erakusketa bat jartzeak?
Egia esan, ilusioa egiten dit. Azken finean inork ez daki zer egiten dudan, eta erakusteko modu bat da. Bestetik, lanak ganbaran nituen, eta erabilpen bat eman nahi nien.
Eta arteak zer esan nahi du zuretzat?
Artea niretzat espresatzeko modu bat da, eta, batez ere, ihesbide bat. Sentimendu txarrei irtenbide bat ematen diet artearen bidez.
Orain Bilbora itzuliko zara. Zein asmorekin?
Margotzen hasi behar naiz berriro, azkenaldian jantzitegiaren diseinuan zentratuta ibili bainaiz, pintura apur bat ahaztuta. Nire lanak leihaketetan mugituko ditut, eta ea zer ateratzen den. Oraindik ez dakit zer margotuko dudan ere, ateratzen zaidana.
Gustatuko litzaizuke artearekin bizimodua ateratzea?
Gustatuko litzaidake, baina oso zaila ikusten dut. Momentuz zerbitzari lanetan nabil. Gustatuko litzaidake, gutxienez, artearekin zerikusia duen zerbaitetan lana egitea, eta gero denbora librea izatea niri gustatzen zaidana egiteko. Irakasle izateko ikasketak egiteko asmoa dut.













