Izar Arregi: «Haur batek bi urte behar ditu gurasoen banaketa gainditzeko»
Izar Arregi psikologo terapeuta (Urrestilla, Azpeitia, 1976) oso gustura dago Beasaingo Igartza jauregian banaketaren gaiaz «taburik gabe zuzenean eta elkarrekin hitz egingo delako», bihar, 11:00etan. Haren ustez, banaketa prozesu batean dagoen gurasoa «estres eta ezin egoera batean dago», eta egoera horietan oso garrantzitsua da «gelditzea, hitz egitea, pentsatzea eta nola ari garen jokatzen aztertzea». Gurasoak seme-alaben onena nahi du, «baina bere ezinak sarritan hanka sartzera eramaten du, eta nahikoa izaten da hitzaldi-hausnarketa bat guraso jarrerak hobetzeko». Arregiren ustez, kontua da gurasoak nola banatzen diren: «Banatzeko modua desegokia denean, haurrengan arazo psikologiko ugari ikusten dira».
Zure ustez, beraz, umeari kalte handiagoa egingo lioke banatuta ez dagoen bikote gatazkatsu batek?
Bikote batzuk elkarrekin daude, baina emozionalki banatuta daude. Beste batzuk banatuta daude, baina emozionalki batera jarraitzen dute: amorruz elkartuta jarrai dezakete, juizioekin lotuta edo betiko maiteminduta… Bi egoera horiek dira kezkagarriak. Banaketa bere hartan, hiru urteren ostean, prozesua ondo eman bada eta gurasoek beren sentipen eta egoera pertsonalak landu badituzte, haurra ondo egongo da. Larria ez da banatzea; larria da gaizki egon eta ez banatzea, edo banatuta eta beti banatzen jarraitzea, eta beti istilu eta juizioetan edo beti elkar gorrotatuz haurra erdian egotea.
Nola esan behar zaio haur bati gurasoak banatzera doazela?
Askotan, zeharka gauzak esanez joaten dira gurasoak, baina ikusi nahi ez duenak ez du ikusten. Haurrei garbi esan behar zaie bikotea banatzen dela, familia ez dela banatzen.
Zein jokaera saihestu beharko lituzkete gurasoek?
Haurra ez dadila errudun sentitu; ez dadila erdian bien arteko zubia sentitu. Entzun eta onartu, bere sentipenak eta emozioak azaltzen utzi; lehen bezala maite dutela azaldu; jakin dezala garbi noiz dagoen aitarekin eta noiz amarekin.
Zein gomendio ematen diezue banatzera doazen gurasoei?
Hiru egoera saiatuko gara ahalik eta gutxien gertatzen, eta, ohartzen garenean gertatu dela, hanka ateratzen eta berriro ez egiten saiatuko gara. Batetik, haurra espia gisa jartzea. Haurrari galderak egiten hasten dira: «Zer egin duzue asteburuan?», «Norekin ibili zarete?»… Haurrak sumatzen du gurasoaren interesa beste gurasoaz jakin-mina eta ezina dela. Haurrak ez daki edo egia kontatu, edo ezer ez esan, edo gezurra asmatu. Adibidez, haur batek sumatzen du amak entzun nahi duela aitarekin gaizki egon dela, eta, hori gezurra izan arren, horrela adieraz diezaioke amari. Noski, ondoren haurra oso gaizki sentitzen da bere buruarekin.
Zein da bigarrena?
Haurra bi gurasoen artean preso sentitzea: haurrak zerbait duenean, bi gurasoak elkartu egiten dira. Beraz, haurra ikastolan jarrera desegokiekin hasten da, osasun arazoak izaten hasten da… Haurraren gorabeherak bi gurasoak elkartzeko zubiak dira. Dena dela, maila batean beti gertatuko da hori, eta intentsitatea da aztertu behar dena. Pixkana, banaketa aurrera doan heinean, haurra libre sentituko da.
Eta hirugarrena?
Haurra gerriko gisa egotea: haurra dagoenean tentsioa dago, baina ez dago borrokarik eta eztabaidarik. Beraz, haurra beti bien artean jartzen da bakea egoteko. Egoera horiek dira larrienak eta kontu handiena izan behar dugunak. Normalean, banaketa korapilatsu eta gatazkatsuetan izaten dira egoera horiek, eta banaketa normaletan ez horrenbeste.
Bata bestearengandik gaizki-esaka aritzeko ohitura ere bada.
Ikaragarria da, oso ohikoa. Batez ere, hirugarren pertsonak daudenean. Baina garbi utzi behar da bikotea ondo balego hirugarrenik ez lukeela bilatuko. Harremana bukatu egin da, eta kitto. Hortik aurrera, heldutasunez eta poliki egin behar dira gauzak. Umeak ikusten badu aita eta ama gero eta hobeto daudela, umea ere ondo egongo da. Bi gurasoetako bat gaizki ikusiz gero, umea gaizki egongo da. Eta diruaren kontuan ere umeak ez sartu; umeak mezulari moduan ez erabili.
Nola jokatu beharko litzateke hirugarren pertsonak tartean daudenean?
Kasu horretan, denbora da garrantzitsuena; banaketa bat dolu bat da. Seme-alaben ikuspegitik, agur esan behar dio familia elkartu eta ideal bati. Seme-alaben ikuspegitik, beti egongo da nahi bat edo fantasia ezkutu bat berriro agian elkartu egingo direla. Egoera berria barneratzeko denbora behar da. Bietako batek beste bikotekide bat baldin badauka, eta harekin denbora bat badarama, banatu ondoren, bikotekide berri hori ikusi gabe ezingo da egon. Baina ez gara konturatzen semearentzat edo alabarentzat, orduan, orain banatu garela. Umearekin, gutxienez, enpatia minimo bat eduki behar da.
Umearen adinak ere zerikusia izango du; izaerak ere bai.
Bai, baina denek pasatu behar dute dolu batek dituen fase guztietatik. Ukazioa da lehenengoa. Askotan, bikoteek seme-alaben aurrean ez dute eztabaidatzen, baina begirada falta bat… 18 gradu hego haizearekin edo 18 gradu ipar haizearekin ez da gauza bera. Batekin, txaketa behar duzu, eta, bestearekin, ez. Objetiboki ez dugu eztabaidatu, objetiboki 18 graduan gaude, ondo gaude, ez beroegi eta ez hotzegi, dena kordial dago… baina dagoen ipar haizea handia da. Umeei galdetzen diezunean «Ez al zenuen espero zure gurasoak banatzea?», ezetz esango dizute.
Zeintzuk dira bigarren eta hirugarren faseak?
Bigarren fasean amorrua eta inpotentzia pasatzen dute. Hirugarrena onarpenarena da. Denok sentimenduz berdinak gara, jokatzeko moduan dauzkagu sentimendu horiek desberdinak. Haur batek bi urte behar ditu gurasoen banaketa gainditzeko.
Zein sintoma ari zarete ikusten banatutako gurasoen seme-alabetan?
Sintoma asko dira. Umeak ez ditu bere sentimenduak negar eginda soilik agertzen. Askotan, isilik egoten da, akademikoki jaitsi egiten da —banaketaren lehenengo urtean akademikoki asko jaisten dira normalean—, etengabeko leialtasun borroka edukitzen du, antsietatearekin asko jaten hasi eta gizentzen hasten da; sei urte ingurukoen kasuan, bat-batean irakurketako eta idazketako arazoak sortzen dira…
Amaitzeko, zer esango zenioke banatutako edo banatzen ari den gurasoari?
Banaketa modu egoki batean egiten denean, batik bat haurrak bi gurasoak hor daudela sentitzen badu eta denbora eman bazaio bere dolu prozesua egiteko, haurra psikologikoki osasuntsu eta heldutasun egoki batekin heziko da. Haurra zoriontsu izango da. Gurasoa bera zenbat eta hobeto egon, orduan eta lasaiago egongo da haurra. Horretarako, gurasoa bera landu behar da, eta merezi du etapa berri bat laguntza apur batekin, pentsatuz eta nora doan aztertuz egitea.