Goierri destino turistiko irisgarri bezala aurkeztu dute
Turismoaren Munduko Egunarekin bat eginez, turismo irisgarriaren kontzeptuarekin bat egin eta Euskal Herrira zuzendutako eskaintza aurkeztu dute euskal turismo agentziek. Tourism 4 All proiektuarekin eta turismoa guztientzat lemarekin bat egin dute hala Goiturrek eta beste hainbat turismo agentziak. Donostia, Bilbo eta Gasteiz hiriburuak, Zarautz, Goierri eta Arabako Errioxa sartu dira eskaintza honetan. Hala, “Europan Euskadi helmuga irisgarri bezala” promozionatzeko bideo bat eta hiri eta eskualde horietako eskaintza jasotzen duen liburuxka bat argitaratu dituzte.
Goierriri dagokionean, turismo jasangarrirako egokituta dauden eskualdeko baliabide turistikoen mapa eta gida sartu dituzte argitalpen horretan. Gasteizen gaur egin duten aurkezpen ekitaldian esan dutenaren arabera, “arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza eredugarria” izan da proiektu honen indargune nagusia. Europar Batasunak bultzatutako Tourism 4 All proiektuaren barruan egindako 18 hilabeteko lanren emaitza izan da gaur aurkeztu dutena. Bertan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan barrena egiteko sei ibilbide irisgarri proposatzen dituzte, eta horietako bat da Goierriri dagokiona. Besteak beste, turismo bulegoen, musoen, ostatu eta jatetxeen, edota esperientzia ezberdinen inguruko informazioa jasotzen da bertan.