Kamioilariek bidesaria ordaindu beharko dute Etzegaraten, 2018tik aurrera
Gipuzkoako Foru Aldundiak hasi du N-1ean hiru ordaintoki edo peaje jartzeko prozedura. Hala, ibilgailu astunek ordainsaria izango dute, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera. Ordaintoki horiek, Etzegaraten, Andoainen eta Astigarragan jarriko dituzte. Aldundiaren arabera, bide sariak “Etzegaratetik Irunera doazen kamioilariei” eragingo die, eta helburua, “egunero N-1 errepidea erabiltzen duten 12.000 kamioilariek ordaintzea” dela azaldu dute.
Aintzane Oiarbide bide azpeigituretako diputatuak Batzar Nagusietan aurkeztu du bidesarien sistema arautuko duen foru araua. Oiarbideren hitzetan, “sistema honekin desblokeatu” egingo dute “aurreko legealdian ez aurrera ez atzera gelditu zen N-1eko bidesariaren gaia”. Hala, esleipena martxan jarri dute eta dagoeneko hasiak dira enpresen eskaintzak jasotzen. 2017ko amaierarako esleipen hori errealitate izatea espero dute.
Garraiolarien jatorriarekin polemika
EAJk gidatutako Foru Aldundiaren jarrera, bidesaria kanpoko garraiolariek ordaintzearen aldekoa izan da. Baina Europar Batasuneko arauek, debekatu egiten dute jatorriaren araberako inolako diskriminaziorik egitea. Hori dela eta, garraiolarien sindikatuak kritiko agertu dira aldundiarekin, eta Hiru sindikatuak, esaterako, “gezurretan” aritzea leporatu dio. “Badakite, maiztasunagatik, hemengo garraiolariak izango garela gehien ordainduko dugunak. Badakite, baina ez dute esaten”.
Aintzane Oiarbide bide azpiegituretako diputatuaren arabera, ordea, “erabiltzaileen ehuneko handi bat, batez ere garraiolariak, atzerritarrak” dira. “Lurraldea zeharkatzen duten 12.000tik gora kamioi igarotzen dira bertatik, eta horietatik %60 dira Gipuzkoatik kanpokoak”. Hala, eraginik handiena kanpoko garraiolariengan izango duela uste du; aldiz, “bertakoen joan-etorrietan ahalik eta eragin txikiena izango duen sistema” ezarriko dela dio, AT sistema, alegia.